Bakoitzak bere bizitza propioa izanik, erabat lotuta dauden hiru eremu dira hezkuntza, kultura eta kirola. Heziketa prozesu indibidual zein kolektiboaren ezinbesteko atalak ditugu hirurak, eta, horretaz gain, ongizatearekin erabat lotuta dauden eremuak.

Hezkuntza: ezagutza eta baloreen sorburu, eraikitzaile eta transmisorea. Kultura: sormen, ezagutza eta gozamen indibidual zein kolektiborako bidea. Kirola: gozamenerako, sozializaziorako eta identitate kolektiboa sendotzeko tresna. Hezkuntza, kulturaren transmisore; kirola, kohesiorako bide... hirurak heziketa integralaren osagai.

Herri zein herritarron garapenak heziketa sendo eta integrala behar du eta gure helburua, ardura pertsonal eta kolektiboan, elkartasunean, parte-hartzean eta justizian oinarritutako heziketa prozesu integrala sustatzea da. Heziketaren ikuspegi hori da EH Bilduk darabilena, herritar euskaldun, eleanitz, aske, parte hartzaile, autonomo, sortzaile, kritiko eta ekintzaileez osatutako herri askea lortzeko.

Bide horretatik, Hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko konpromisoa hartzen du EH Bilduk. Aukera berdintasunean oinarrituta, ikuspegi integrala izango duen Sistema. Publikoa eta berria. Euskal Herriaren beharretatik abiatu eta osatuko dena. Haur Hezkuntzatik hasi eta Unibertsitateraino iritsiko dena, bere baitan hezkuntza formala, ez-formala, arautua eta ez-arautua bilduko dituena. Euskal Herritik eta Euskal Herrirako sortutako curriculum propioa izango duena eta, euskal nortasuna ardatz, inklusioa bermatuko duena.

Kulturaren eremuan, berezko eredu berria eraikitzearen aldeko konpromisoa hartzen dugu, euskarazko kultura lehenetsiz, kulturartekotasuna aberastasun bide gisa ulertuko duena eta kultura herritik sortu eta herritarron zerbitzuan jartzeko bitartekoak ziurtatuko dituena.

Kirolaren eremuan ere, eredu berri bat sortzearen aldeko konpromisoa hartzen dugu, egungo ikuspegi konpetitiboa gaindituz, kirola heziketa prozesuaren parte garrantzitsu gisa kokatuta.

Kalitatezko kirol praktikarako sarbidea eta kirola praktikatzeko baldintza duinak herritar orori eskaintzeko konpromisoa hartzen dugu. Kirol praktika sustatuz, maila, sexu eta adin guztietan; bizi kalitate oneko, gizarte kohesionatu eta osasuntsua erdiesteko helburuarekin. Horretarako, gaur eguneko marko legislatiboa gaindituz eta garatuz, eta bitarteko ekonomiko, humano zein ezagutzakoak eskainiz.

Eta, bide horretan, eredu berri horietara eramango gaituzten erabakiak kultur, hezkuntza eta kirol eragileekin batera hartzeko konpromisoa hartzen du EH Bilduk.