Politika industrialaz aritzeko,ezinbestekoa zaigu beronek lagundu behar duen garapen ereduaz hausnartzea. Asko hitz egiten da garapenaz, garapen ekonomikoaz batik bat. Garapen eredua da ordea klabea. Zein den nahi dugun garapen eredua. Zein den eraiki nahi dugun herri eredua, gizarte eredua.

Tokiko garapenean oinarri sendoa izango duen ereduaren alde gaude. Tokiko erakunde eta eragileek eskualdeen garapen-plangintza eta kudeaketan eskuhartze zuzena izan behar dute eta hori ahalbidetzera zuzendu nahi ditugu gure ekimenak.

Garapen horizontalaz ari gara; tokiko garapena oinarri duen ereduaz juxtuki.

Proiektu bat konpartitzen dugunean tokiko eragileekin, protagonismoa konpartitzen dugu, ilusioa konpartitzen dugu eta esperientziak diosku, aurrera ateratzen dela proiektu hori; efektu biderkatzailea duela. Urrezko aletxoak izango direla garapen orokorraren norabidean

Norabide beretsuan emandako tokiko garapen txiki askoren konbergentzian dago euskal gizarte orekatuago baten ardatza. Tokian tokiko estaziotik abiatzen diren karril anitzen konberjentziak ematen duen oreka eta indarrean sinisten dugu. Horrek ahalbideratu behar du eskualdeen eta lurraldeen arteko oreka

Politika industrialari dagokionean:
Aipatutako norabidean lagundu behar du :
I+G+b (Ikerketa, garapena eta berrikuntza) eta sektore estrategikoak indartzetik aparte, garapen endogeno eta sostengarria bultzatu behar du

Jardueren DIBERTSIFIKAZIOA eta horretarako tokiko enpresa txiki eta ertainentzako, neurriko azpiegitura industrialak ere sortu eta indartzea ezinbestekoa da, tokian tokiko indar eragileen parte hartze zuzenarekin beti ere.

Guzti hori ahalbidetzeko motorea sektore publikoa izan behar du: Krisiaren eragina nabarmena da noski, baina "ez dago dirurik" esate hutsarekin ezin dugu galdu garapen eredu justuago baterako trena. Fiskalitate politika justuago bat eta inbertsio politika orekatuago baten bidez egin beharrekoa da bide hori.

Austeritate politikek eta murrizketek, beste gabe, ez gaituzte aterako krisitik, inbertsio politika koherente batek laguntzen ez badu.

Beste politika industrial bat, herritarren beharrei egokiago erantzungo diena, egin daitekeela uste dugu eta hori da gure erronka.