Sektore publiko indartsu bat behar dugu. Indartsua zerbitzu publikoak eskaintzeko eta indartsua ere sektore estrategikoetan zuzenean eragiteko. Horretarako beraz diru sarrerak igo behar dira, noski gehien dutenen kontura egin beharko litzatekeelarik. Baina horretaz gain bada funtsezkoa den beste gai bat. Orain artean gure herrian hain hedatua egon den azpiegitura erraldoien politika basatiarekin amaitu beharra dago. Ingurumenari egiten zaion erasoarekin amaitu behar delako eta baita ere denon dirua xahutuz konstruktora nagusientzat negozioa besterik ez direlako. Beraz, azpiegitura erraldoien politikarekin amaitu beharra dago eta horrek adibidez une honetan Gasteiz zein Iruneako Gobernuen aurrekontuen kasuan 500M eurotik gorako partidaz ari gara.

Edonola ere, hemen aipatu ditugun neurriak eragin handia izan badezakete ere, gure eredu ekonomikoan sakoneko aldaketak burutzeko erabakiak hartu behar dira. Azpiegitura erraldoien politika gelditui behar dela esaten dugun bezala, eskualdeko garapena bultzatzeko behar diren azpiegutura sostengarriak bultzatu behar direla diogu, eta porlanan inbertitzea baino I+G+Bren aldeko egin behar dela diogu. Beraz, guzti horretarako, instituzio eta eragile ekonomiko eta sozialen artean adosturiko Inbertsiorako Funts bat sortzea proposatzen dugu. Egun, instituzio ezberdinek egiten duten lana koordinatzeko edo bultzatzeko gai izango dena, edota zuzenean inbertsio propioak egin ahal izateko. Noski, eredu berri hori kapitalari baino, herritarren mesedetan egongo den eredua izan behar du, lanpostuak sortuko dituena, balio soziala lehenetsiko duena, ingurumena errespetatuko duena eta tokiko garapen integrala bilatuko duena. Horiek dira gure helburuak, norabide horretan inbertitu beharra dago.