Hemen bizi garen gizon-emakume guztiontzat aukera berdintasuna bermatu behar dugu. Helburu hori lortzeko JUSTIZIA SOZIALA deitutako Saila jarriko dugu abian, bere baitan enplegua, etxebizitza eta gizarte gaiak jasoko dituena.

Euskal Herria Bilduren lehentasuna ENPLEGUA izango da, kalitatezko enplegua sortzea eta lana banatzea. Egun bizi dugun egoeran garrantzitsua da azpimarratzea Euskal Herria Bilduren ereduak ekonomia pertsonen zerbitzura jarriko duela, eta ez merkatuen zerbitzura. Horregatik lana, familia eta aisialdia uztartzeko lan egingo dugu, baita soldata altuenen eta baxuenen arteko tartea murrizten joateko, teknologien hobekuntza jorratzeko, laneko osasuna zaintzeko, eta etengabeko heziketari bultzada emateko.

Helburu horiek lortzeko behar ditugun baliabide eta tresna guztiak gure esku behar ditugu, horregatik lan-harremanetarako euskal esparrua eta gizarte babeserako sistema propioa eskuratu behar ditugu.

GIZARTE ZERBITZUak publikoak eta kalitatezkoak izan behar direla uste du Euskal Herria Bilduk. Sektore publikoa izan behar da zerbitzu emailerik garrantzitsuena, eta horretarako, kalitatezko gizarte zerbitzuen sare publikoa osatuko dugu, pobreziari eta gizarte bazterkeriari aurre egiteko, behar bereziak dituztenen erantzunei erantzuteko eta, oro har, herritar guztiek behar duten zerbitzua bermatzeko.

Gizarte zerbitzuek gizartearen ongizatea dute helburu eta herritar guztiengana heltzeko ahalegin berezia egingo dugu. Hori bermatzeko modurik eraginkorrena administrazio publikoak berak bere langile propioen bitartez zuzenean kudeatutako zerbitzuak dira.

ETXEBIZITZAri dagokionez gure lehentasuna alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzea izango da, guztiok dugun etxebizitzarako eskubidea bermatu ahal izateko. Etxebizitzarena oinarrizko gizarte eskubidea da eta horren alde tinko lan egingo dugu, batez ere krisi garai honetan. Horrela, modu bidegabean gertatzen ari diren etxe kanporaketen aurrean erantzuna emango dugu erakundeetatik.