Egun, emakumeek egiten duten lana aitortzen ez delako, edota jada gurean milaka eta milaka langabetu daudelako unitate familiar ugari lan-ordainik gabe daude jada. Bitartean, Dependentzia legean zein laguntza sozialetan murrizketak ezartzen ari dira bai Madriletik baita Jaurlaritzatik ere. Ondorioz, gure lehen proposamena unitate familiar guztiak diru laguntza bat izateko duten eskubidea aldarrikatzera gatoz, eta Jaurlaritzan egongo bagina inongo murrizketarik gabe hori bermatzeko konpromisoa hartzen dugu. Horretarako egin beharreko lege aldaketak bultzatuko ditugu.

Banketxeen partetik etxebizitzen kaleratzeak suposatzen duen gertakari larrien aurrean instituzioek ezin dute beso gurutzaturik gelditu. Kaleratze guztiak bertan behera gelditu, etxebizitza horiek ETXEBIDEra pasa eta egun bizi diren unitate familiarrak alokairu sozial baten truke bertan bizitzeko aukera izan dezaten lana egingo dugu.

Langabezia tasa handia da une honetan eta aurrera begira eta epe motzean ez dirudi egoerak hobera egingo duenik neurri berriak eta ausartak ez baditugu martxan jartzen. Lana banatu beharra dago eta norabide horretan 35 orduko astea ezartzeko lana egingo genuke Jaurlaritzara iritsiz gero. Era berean, soldata minimo berri eta duinago bat ezartzea ezinbestekoa da une honetan, Guzti horretarako gure herriak behar duen Lan harremanetarako esparru propioa izan dezan lana egingo dugu.