JUSTIZIA SOZIALA lortu nahi du Euskal Herria Bilduk Euskal Herriko gizon-emakume guztiontzat. Helburu hori lortzeko orain arte garatu diren zenbait politika errotik aldatu beharra dago egun bizi dugun egoera larriaren beharretara egokitzeko. Hau da, beste eredu ekonomiko eta soziala behar dugu.

Horregatik, hemen bizi garen gizon-emakume guztiontzako aukera berdintasuna bermatu ahal izateko JUSTIZIA SOZIALA deitutako Saila jarriko dugu abian. Bertan ENPLEGUA, ETXEBIZITZA eta GIZARTE GAIAK jasoko dira.

Behin eta berriz esaten ari garen bezala ekonomia pertsonen zerbitzura jarri nahi dugu, eta ez merkatuen zerbitzura.

Helburu hori lortzeko bidean, ENPLEGUA izango da Euskal Herria Bilduren lehentasuna, kalitatezko enplegua sortzea eta lana banatzea. Hori lortzeko ezinbestekoa da lan-harremanetarako euskal esparrua eta gizarte babeserako sistema propioa gure esku izatea, bestela Madrilen erabakien menpe jarraituko dugu zulotik ezin irtenda. Egoera horretara heltzeko pauso eraginkorrak emango ditugu.

Lan astea gutxitzeko ahalegin sendoa egingo dugu –lana banatu eta lana familia eta aisialdiarekin uztartu ahal izateko-, eta gutxieneko soldata pobrezia mailatik gora igotzea bultzatuko dugu. Eta lana banatzeko bitartekoak jarriko ditugula esaten dugunean, lan guztia esan nahi dugu, ordaintzen dena eta ordaintzen ez dena ere.

Horretarako, politika publikoak definitu eta ebaluatzeko orduan gizarte eragileek eta sindikatuek partehartze erreala izatea bermatuko dugu.

GIZARTE ZERBITZUAK publikoak eta kalitatezkoak izan behar direla uste du Euskal Herria Bilduk. Kopagoa zerbitzu beragatik bi aldiz ordaintzea denez, ordainketa hori kentzeko pauso errealak emango ditugu.

Bestetik, pobreziari aurre egiteko neurrietan eskubide galera handia eman da azken urteotan, noiz eta gizartean beharrik handiena dagoenean. Eskubide horiek berreskuratzeko egin beharreko lege aldaketa guztiak bultzatuko ditu Euskal Herria Bilduk.

ETXEBIZITZAri dagokionez etxebizitzarako eskubidea eskubide unibertsal gisa jasota egotea nahi dugu. Horretarako Etxebizitza legea bultzatuko dugu, alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeari lehentasuna emanez.

Bestetik, gaur egun familia askorentzat amesgaizto bihurtu den arazoari ere irtenbide erreala emateko lan egingo dugu. Etxekanporatzeak egunerokoa bihurtu dira gurean eta egunero badago hipoteka ezin ordainduta etxetik kalera botatzen ari diren pertsonak. Hori ekiditeko Euskal Herria Bilduk proposatzen du bankuek dituzten etxeak erakunde publikoen eskuetara pasatzea, eta bakoitza bere etxean mantenduz, alokairu sozialaren bitartez kudeatzea egoera hori.