Koalizioak elkartasuna adierazi dio Saharako Erresistentziari.

Atzo ezagutu ziren Marokok Gdiem Izik kanpalekuan parte hartzeagatik preso dauden militante sahararrei ezarritako zigorrak. Biziarteko kartzela-zigorra 7 lagunentzako, 20-30 urteko zigorrak beste 13 lagunentzako. Bi libre gelditu dira ezarritako 6 urteko zigorra dagoeneko gaindituta dutelako. Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen dugu justiziaren erabilera errepresio politikorako erabiltzea zer den. Ez dugu urrutira joan behar, oraintxe bertan mahai gainean ditugu Altsasuko gazteen aurkako eskaera fiskala. Horrexegatik bere eskubideen alde borrokatzen duen Sahara bezalako herri batek horrelako zentzugabekeriak jasan dituenean, gureak egiten ditugu beraien mina eta amorrazioa.

EH Bilduk sententzi hauen aurrean zera adierazi nahi du:

  • Gure elkartasuna berriro Sahara herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen diren militante guztiei. Zuekin gaude.
  • Salatu nahi dugu egindako epaiketa, nazioarteko hainbat eta hainbat erakundeek egin duten bezala. Epaiketa fartsa bat izan da, Sahararren erresistentziaren aurkako epaiketa.
  • Nazioarteko begiraleek esan bezala, irregulartasunez beteriko epaiketa izan da, zigorrak gogorrak bilatzen zuena soilik. Garbi dago, saharar erresistentzia zigortzeko, ahultzeko eta puskatzeko sententzia bilatzen zutela. Gorrotoan oinarritutako eta izua zabaltzeko epaiketa bat izan da.
  • Epaiketan garbi gelditu da torturapean lortutako deklarazioak izan direla proba bakarrak. Presoek beraiek ere ez zuten ezagutzen bere sumarioek zer zioten. Ezaguna egiten zaigu metodoa. Amnistia International, Human Rights Watch, Centro Robert F. kennedy, Acción de los Cristianos para la Abolición de la Tortura eta torturaren aurkako beste hainbat nazioarteko erakundeek salatu zituzten tortura hauek, guk salatzen ditugun moduan.

Konbentzituta gaude Saharak lortuko duela bere askatasuna, Euskal Herriak lortuko duen bezala. Bidean horrelakoak sufritu beharko ditugu. Askatasun bide horretan bidelagunak izan nahi dugu, eta gure elkartasuna eta laguntza eskaintzen dizuegu berriro.