We, the basque people, have a dream... euskaldunok eta euskal herritarrok orohar, badugu gure ametsa. Aske bidaiatzea da, kanpora irten eta munduari erakustea nor garen eta nolakoak garen. Niregain dagoen saila, Kanpo Harreman, Turismo eta Kooperazio saila, lortzen badugu, gauzak ikusteko beste era baten isla izango da. Gobernura iristea lortzen badugu, zalantzarik gabe gure herriarentzako beste fase batean egongo gara. Europarrek, atzerritarrek, gure izenez deituko digute, mapan behatzarekin zehatz seinalatuko gaituzte, euskal herritar bezala ezagutuko gaituzte. Madrili baimenik eskatu gabe bidaiatuko dugu, zuzeneko hegaldietan. Gure proiektuez hitz egingo diegu denei, gure mezua distortsionatzen duten bitartekaririk gabe.

Turismoari dagokionean, munduari gure itsasoa erakutsiko diogu, haizearekin eta surfarekin, eta gure mendi berdeak, bailarak, ibaiak eta lamien bizileku diren haitzuloak. Jende gaztea erakartzeari garrantzia emango diogu, jakin baitakigu gu ezagutu ahala, beraien lagun eta senideak hona erakarriko dituztela, iman baten gisan.
Eta horrela, naturaltasun osoz, kooperazioa ere sortuko da; Europako eta nazioarteko testuinguruan, gu bezala, beraien toki propioaren bila dabiltzan herri eta nazioen artean, guztientzako onura iturri izango diren enpatiak sortuz. Eta, argi dago, berdinetik berdinera kooperatuko dugu Europako eta nazioarteko instituzioekin, modu eraikitzaile, positibo eta zintzoan, mendeetan gure ezaugarri izan ditugun hitzezko izaera eta izpiritu ekintzailea banderatzat hartuta.

Egin ahal dugu, eta elkarrekin egingo dugu. Aurrera.
Milesker, muchas gracias.