Euskal Herria Bildurentzako osasungintza sistema publikoa Euskal Herriaren eraldaketa sozialera bideratzen dugun jarduera politikoaren ardatz ezinbestekoa da. Uste baitugu osasunerako eskubidea, hezkuntzarako eta babes sozialerako eskubideekin batera, ongizatearen oinarrizko zutarria dela. Horregatik, osasungintza sistema publiko hurbilekoa, gardena eta eraginkorra behar dugu, beharrezko baliabideez hornitutakoa.

Kontziente gara azken urteotan euskal osasungintza sistemak jasan duen gainbeheraz. Beharrezko baliabideen eskasiak eta kudeaketa kaskarrak artatzearen kalitate jaitsiera nabarmena eragin dute, osasungintza pribatuaren mesedetan, eta osasungintza publikoaren eskumen galera eraginez. Itxaron-zerrendak hazten eta osasun sistemako langileen lan baldintzak kaskartzen joan diren bitartean, osasungintzako administrazio ezberdinak sistema publikoa deskapitalizatzen joan dira, gaur egungo gainbehera eta ahalmen galera egoeraraino iritsi arte.

Sistemaren krisi eszenatokian eta zerbitzu publikoen kaskartze egoera honetan ezarri beharko dira, beraz, artatzearen kalitatea berreskuratzeko neurriak, eta osasun asistentzia publikoa sendotzeko neurriak, jendartea eta pertsonak ipiniz sistema horren erdigunean.

Zentzu horretan, edukiz bete behar ditugu honako kontzeptu nagusiak: ekitatea, doakotasuna, unibertsaltasuna, eskuragarritasuna eta asistentziaren kalitatea. Horretarako, printzipio nagusi horiek bermatuko dituzten baliabideak eta antolaketa neurriak hartuko ditugu.

Gure apustua, beraz, bertako herritarren beharrizanen neurrira eraikitako osasun eredua eta osasungintza sistema publikoaren aldekoa izango da. Kanpoko injerentziarik gabe, eta osasunerako eskubidea herritarren oinarrizko eskubidea dela oinarrizko printzipio nagusi modura hartuta. Eskubide unibertsal hori euskal jendarte osoak eta gobernuak berak ere, bere ekinbidearen bitartez, babestu beharrekoa da. Horregatik guztiagatik, uste dugu beharrezkoa dela osasungintza politikak herritargoaren parte-hartzea aintzat hartuta diseinatzea, horretarako neurri eraginkorrak ezarriz.