Xabier Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusirako hautagaiari elkarrizketa ETB1eko Egun On Euskadi saioan:

"Iruzur fiskalaren aurkako lana hezkuntzatik hasten da. Gipuzkoako Diputazioak unitate didaktiko bat sortu du aurten eta Gipuzkoako eskolei eskeini diegu 16-17-18 urte bitarteko gazteekin landu dezaten. Aintzindari izan den proiektu hau zabaltzeko Eusko Jaurlaritzarekin hizketan ari gara."



"Beti dago zer hobetua, baina nik uste lan asko eta ona egin dugula. Jendeak gehien ezagutzen duena fiskalitatearen arloa da, baina ez da hori bakarrik izan: gizarte zerbitzuetan egindako ahalegina izugarria izan da, adibidez; Gipuzkoan laguntza sozialak ematen dira inon baino azkarrago, maila altuagoan... Zailtasun ekonomikoak dauden garaian gutxien ahal duten horiekin sensible izatea oso garrantzitsua da."

"Osinbeltzi buruzko galdeketa egingo dugu eta emaitza errespetatuko dugu. Uste dugu herri galdeketek benetan garrantzia dutela ondo egiten badira, berme eta gardentasun osoarekin, baina gero horren emaitza errespetatzekotan, bestela adar jotze bat da."

"Gipuzkoan hondakinekin hasi den bidea oso bide egokia da eta emaitza bikainak eman ditu. Hiru urtean, birziklatze tasa %20-22 izatetik %45 izatera pasa da. Hori izugarrizko lorpena da, Europan ez dakit antzerako adibide asko ote dagoen. Europak dio 2016an birziklatze tasa %60koa izan beharko dela eta hori nekez emango da Gipuzkoan ez bada. Horregatik, uste dut Gipuzkoan hasitako bidea zuzena dela eta gainontzeko herrialdeek ere bide beretik jo beharko dutela."

"Jaurlaritzak Zubietako TMB planta egiteko baimena ez luzatu izana ez da erabaki teknikoa, elektorala baizik. Lehen Zubietan planta bat eta errauskailu bat egiteko baimena zegoen, hor kutsakorrena errauskailua zen; errauskailua kendu da eta planta lehengoaren oso antzekoa mantentzen da. Orain, ordea, planta horrentzat ez dago baimenik. Oso zaila da ulertzen."

"Inoiz baino Foru Arau gehiago onartu dira Gipuzkoako BBNNtan, batzuk oposizioaren ekimenez, baina gehienak gobernuaren ekimenez. BBNNtan EH Bilduk bakarrik ezin ditu onartu Foru Arauak, beti besteren baten babesa behar du. Beraz, ez da egia oposizioak dioen moduan 'kontsentsurik gabe' ari garela."

"Ez da inondik inora ulergarria sustapen ekonomikoa defendatzen dela esatea, baina aurrekontuak luza-araztea, horrek justu kontrakoa dakarrenean."

"Lurra ez da berez desagertzen, dirua bai. Arduraz jokatu dugu, eta horregatik jarri dugu kereila Bidegiren aurka."

"Igeldon eta Usansolon, herrietarren iritzia errespetatu behar da."

#GipuzkoarrokGaraile