Xabier Olano Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak Gipuzkoan duela lau urte abiatutako aldaketa goraipatu eta norabide horretan jarraitzeko EH Bildu gehiengo osoaren bila aterako dela esan du Igor Eguren Ordiziako alkategaiaren aurkezpenean: "Lau urte hauetan hartutako neurriak ez dira "batzuen" gustukoak izan, eta EAJk, PSEk eta PPk, denak elkartu, gutxi batzuen interesak defenditu. (besteak beste bankari, konstruktore eta enpresari handienak) eta aurrekora itzuli nahi badute ere, ez gaude atzerapausoak emateko prest, gehiengo osoa behar dugu hartutako bidean sakontzeko". Aurkezpenaren aurretik, bi hautagaiek Orkli enpresa bisitatu dute.

Xabier Olanok berriro esan du erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernua osatuko duela, bakarra dela horretan EH Bildu, eta gizarte politikan emandako aurrerapausoei eutsiko diela. "Gipuzkoarrak ikusi dute beste era batera gobernatu daitekeela, diru publikoarekin arduratsuak eta erabat garbiak izanaz, azpiegitura handietan diruak xahutu gabe, eta gizarte politiketan murrizketarik egin gabe. Lehengora itzultzea Gipuzkoarentzat atzerapauso kaltegarria litzateke, politika zahar horiek krisian dira eta, horregatik, aterako gara, baikor, gehiengo osoaren babesa lortu eta orain arte bezain serio lan egiteko".

Zirt edo zart egiteko momentuan gaudela nabarmendu du Olanok: "Euskal Herria askatzeko eta etorkizunaren jabe egiteko une egokian gaude. Abiatu dugu Euskal Bidea, erabakitzeko eskubidean oinarrituta. Gu prest gaude asmoarekin bat egiten duten guztiekin batera bideari heltzeko. EAJk,aldiz, nahiago du PP eta PSErekin batu, hori adierazten ari da Urkullu. Guk emandako aldaketak zapuzteko, berriro murrizketak aplikatzeko, dirua azpiegitura handietan xahutzeko, gutxi batzuei mesede egin eta pribilegioak mantentzeko. Guk, ordea, argi eta garbi diogu: Murrizketarik ez".

"Orain ezagutzen ari gara hainbat urtetan hiru alderdiek egin dituzten tratu ezkutuak eta jokabide makurrak, Kutxabanken, Bidegin eta beste azpiegitura erraldoietan. Guk, aldiz, gardentasun osoa agintzen dugu, eta egiaztatu gure eguneroko jardunean. Argi eta garbi diogu, ustelkeriarik ez".

"Hauteskundeak irabazi genituen, aldaketa martxan jarri dugu herritarrekin batera, Gipuzkoa hobetzen ari gara, sortutako aberastasuna herritarren artean banatzeko. Gipuzkoa justuagoa, solidarioagoa eta iraunkorragoa dugu helburu. Eta euskaldunagoa ere bai".

#GipuzkoarrokGaraile