Gaur Adolfo Araizekin batera hurrengo hilabeteotan Nafarroan eman beharko den aldaketa prozesuan parte hartuko duen lantaldea aurkeztu dugu. Talde hau, hainbat lan esparrutan konprometitua, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko sektore guztiekin elkarrizketak bideratzeko ardura izango du eta, prozesu ireki eta parte-hartzaile baten bitartez, Nafarroak behar duen aldaketari ekiteko programaren oinarriak zehaztu beharko ditu; benetako aldaketa, sakonekoa, eta etorkizuna ziurtatzeko balio duen zurruntasunarekin.

Aurretik egindako bileran Araizek adierazi duenez "denbora daramagu lanean, elkarrekintza foroak irekitzen, eta hausnarketa bideak irekitzen eragile sozial eta sindikalekin, hala nola sektore askotako herritarrekin". Foro horietako batzuk gogora ekarri ostean "programa transbertsal, ausarta eta zehatzaren prozesuan gaudela" aipatu du. "Hori da jarraitu beharreko bidea".

Hurrengo hilabeteotan herritarrekin batera eztabaida bide ezberdinak irekita mantendu nahi ditugu. Horretarako udalerri eta auzo bakoitzean EHBildu jada lanean dago Puntuz puntu izeneko ekimenarekin, leku bakoitzean beharrezkoak diren neurri zehatzak planteatuz, lekuan lekuko arazo eta berezitasunak kontuan hartuz. Araizek indarra jarri du horretan: "gure proposamenak betetzeko garaian zorrotzak izango gara". Bide honetan "ez dugu maximoen programa bat egingo. Gai zehatzetan zentratuko gara, Nafarroan bizi den larrialdi egoerari buelta eman ahal izateko neurri zehatzekin".Horretarako EHBilduk hainbat parte-hartze formula izango ditu:

  • Sektore bakoitzeko eragile eta pertsonekin elkarrizketa dinamika bat abiatuko dugu. Gure helburua ekintza konpromiso zehatzak adostea izango da.
  • Gaien araberako jardunaldi eta eztabaida foroak jarriko ditugu martxan, interesa duen orok bere iritzia eman eta jaso dezagun.
  • Parte-hartze digitalerako bideak irekiko ditugu, bai webgunearen bitartez, bai eta sare sozialen bidez, programan proposamenak egin nahi duen orok parte har dezan. 

Lantalde honetan Adolfo Araizez gain orain parlamentari diren Bakartxo Ruiz, Xabi Lasa, Bikendi Barea, Asun Fernández de Garaialde, Miren Aranoa eta Maiorga Ramírez daude. Gainera bertan izango dira Dabid Anaut, José Mari Blanzako, Peio Gurbindo, Arantxa Izurdiaga, Esther Korres, Argiñe Korta, Garazi Labiano eta Floren Luqui.

#NafarrokGaraile