EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan mozioa aurkeztu du joan den astean Auzitegi Konstituzionalak ebatzitako epaiaren kontrako jarrera erakuts dezan. Epai honek ontzat ematen du 16/2012ko Erret Dekretua, bai eta bertan osasun laguntzan ezarritako bazterkeria ere. Epai horrek Nafarroako Parlamentuak Erret Dekretuaren kontra ezarritako helegitea bertan behera uzten du. Gogoratu behar da Erret Dekretu honek hainbat murrizketa ezartzen zituela “osasun sistemaren jasangarritasuna bermatze aldera”.

Aurkeztutako mozioak, halaber, eskatzen du Nafarroako Parlamentuak Nafarroan bizi den pertsona ororen, baita egoera administratibo ez arautuan daudenenak ere, osasun laguntza unibertsala, doakoa eta publikoa jasotzeko eskubidearekin bere konpromisoa har dezan.

Halaber, mozioak Estatuko Gobernuari eskatzen dio Erret Dekretua bertan behera utz dezan, inolako pertsona baztertua izan ez dadin bere egoera administratiboa, soziala edo lan egoera dena delakoa izanda ere.

Bukatzeko, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio inolako esku hartzerik ez onartzeko eta osasun laguntza unibertsala eta doakoa bermatzen jarrai dezan.
EH Bilduren ustez, helegitearen aurkako epaia irmoa bada eta irizpide ekonomikoetan oinarritzen bada, epai injustua eta oso larria izango da. Ildo honetan, koalizioak azpimarratu nahi du Nafarroako Parlamentuak 8/2013ko Foru Legea onartu zuela, Nafarroako biztanle guztiok osasun laguntza unibertsala eta doakoa bermatzeko asmoz. Lege hau indarrean badago ere, Auzitegi Konstituzionalak bere kontrako helegitea jarri zuen.

Azkenik, EH Bilduk adierazi du osasungintzarako eskubidea ezin dela jendartearen eremu batendako luxua izan, eta inongo egoera ekonomikok ezin duela eskubide horren urraketarik justifikatu. Era berean, Nafarroan gehiengo sozial eta politikoak osasungintza unibertsala bermatzeko duen borondate irmoa gogora ekarri du, eta hori ahalbidetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskubidea aldarrikatu du, inongo esku hartzerik onartu gabe.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.