EH Bilduk erabat gaitzesten ditu Iruñean azken egunotan agertu diren pintaketak, baita German Rodriguezen oroitarrian egindako margoketa ere. “Eraso faxistak dira, baina ekintza isolatu hutsak baino gehiago” adierazi du Dabid Anautek, “aspalditik datorren eta osorik desagertu ez den korronte baten isla dira”.

EH Bilduko parlamentariak esan duenez, “urte askoan Nafarroako erakunde publiko nagusiek, UPNk gidatu eta kudeatu dituen horiek, oroimen historikoarekin zerikusia zuen guztia isilpean eduki nahi izan dute. Traba egiten zien gai deseroso horrek, eta urratsik eman gabe aritu dira hainbat urtez. Hala jokatu du PPk ere, berak kudeatzen dituen Estatuko instituzioetan, baita Nafarroako Parlamentuan ere, bere presentzia eskasarekin bada ere”.

Honen ondorioz, gaineratu du Anautek “isilitasun eta paralisi instituzional horrek, hainbeste urtetako inpunitateak hain zuzen ere, hauspotzen ditu egunotan ikusten diren jarrera erasokor horiek eta eraso horiek guztiak”.

“Korronte ilun eta erasokor horren aurrean, egia, justizia eta erreparazioa berreskuratu eta hasupotu nahi dituen beste korronte bat dugu, batez ere oroimen historikoaren inguruan lanean ari diren eragileek eta herritarrek bultzatuta, eta Nafarroako aldaketa politikoari esker bertako erakunde publiko nagusi gehienek lagunduta”.

Aurrera begirako lanean indarra jarri du Dabid Anaut parlamentariak “bada garaia frankismoaren hondar eta ikur guztiak ezabatzeko, eta, horrekin batera duela 80 urteko altxamenduak eta ondorengo diktadurak eragindako mina eta kaltea aitortzeko. Horren aurkako eraso faxistek lortuko duten bakarra egileek beren burua erretratatzea da eta, bide batez, hori salatzeko gauza ez direnak ere agerian uzteko”.

EH Bilduk, dagokion alorrean eta dagokion neurrian, oroimen historikoa berreskuratzeko lana sustatze eta bultzatzen jarraituko du, eta eginen zaizkion eraso horien guztien gainetik, irekitako bidean sakontzen eta urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi du.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.