Berriki jakin dugu Espainiako Armadak maniobra militarrak eginen dituela Bardeetan, berriz ere, benetako suarekin egin ere. Maniobren ohiko datak aldatu dituzte, itxura denez, segurtasun arrazoiengatik eta hegaztien habia egiteko garaia saihesteagatik. Hainbeste urteren ondoren marka da orain ohartzea arazo horiez. Nolanahi ere, arriskua ahalik eta gehien gutxitzea omen da helburua, baina ez dute bermatzen inorentzat arriskurik ez dagoenik.

Urte asko dira Bardeak armadaren entrenamenduetarako eta praktiketarako gune bihurtu zituztela. Urte asko Natur Parke eta Biosferaren Munduko Erreserba izendatutako gune bat militarren jokoetarako eta interesetarako erabiltzen dela. Urte asko gure lurraldearen zati bat, Nafarroaren eta nafarron interesen gainetik, logika militarista baten eta interes arrotzen mesedetan erabiltzen dela. Eta urte horietan guztietan gizartetik hainbat aldiz egoera horren kontrako ahots, iritzi, mobilizazio eta eskaera ugari agertu eta egin den arren, Nafarroako Parlamentuarenak tartean, 2016ko irailaren 27an eta 28an berriz ere militarrak izanen ditugu eremuaren jaun eta jabe, beren lehergailu eta tiroekin.

Munduko edozein lekutan gerta litekeen gatazka oro konpontzeko biderik eraginkorrena eta bidezkoena elkarrizketa da, eta hori lehenetsi beharrekoa da, armadak eta baliabide militarrak erabiltzeko tentaldi guztien gainetik. Maniobra militarrak gatazkak konpontzeko bide militarraren logikan sartzen direnez, horiek eta horien esanahia gaitzesten ditugu.

Maniobra horiek direla-eta, EH Bilduk beste hainbatetan adierazitako iritzia azaldu eta aspaldi eskatzen ari garena gogorarazi nahi du: hasteko, ez dadila Bardeetan, ezta Nafarroako beste inongo lurretan ere, maniobra militarrik egin, ez orain eta ez etorkizunean. Eta, bestalde, Espainiako estatuak eraitsi dezala, behingoz eta betiko, Bardeetako tiro-eremua, eta berreskuratu dezala Nafarroak bere lurraldearen zati hori, aisa asmatuko baitugu erabilera askozaz ere egokiagoa eta onuragarriagoa ematen.

Tiro-eremu hori eraisteko arrazoiak, askotan azpimarratu den gisan, askotarikoak dira: arrazoi sozialak, logika militaristaren ingurukoak, herritarren segurtasunari dagozkionak, eta ekologikoak. Horietako bakoitza nahikoa izanen litzateke tiro-eremua desegiteko, zer esanik ez denak elkartuz gero.

Azkenik, EH Bilduk dei egin nahi die Nafarroako erakunde publikoei, gizarte eragileei eta herritarrei, maniobra hauen aurrean eta tiro-eremuari eusteko ahaleginaren aurrean, etsi gabe, eraisketaren aldeko lanean tinko jarraitzera, Bardeak Nafarroarentzat berreskuratu arte.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.