Eleanitza den herri batean bizi gara, gainerako herrietatik ez oso desberdina. Eleanitza, eta euskara hizkuntza propioa duena. Baina oraindik ere, Euskal Herri osoan hizkuntza propioaren ofizialtasuna onartua ez duena, edo onartua izan arren, berorren ofizialtasuna garatzeko etengabe oztopoak gainditu behar izaten dituena. Eta hizkuntza berezkoa izan arren, bi hizkuntza hegemonikoren —Gaztelania eta Frantsesa— mendean aurkitzen dena, era zaurgarrian, UNESCOk berak aitortu bezala.

Nafarroan, zehazki, 30 urte eginen ditu etzi Nafarroako Euskararen Legeak. 1986an onartu zenez geroztik, Nafarroako lurraldea hiru zatitan banatuta eduki dugu, eta euskararen ofizialtasuna, herritarrak eta haien hizkuntza eskubideak mailakatuta edo, zuzenean, ukatuta. Lege hori oztopo bat izan da euskararen normalizazioarentzat, eta egun ere hala da. Duela 30 urte euskara lurralde osoan ofiziala izatea eskatu genuen, eta gaur egun ere hala eskatzen dugu. Beste osagai batzuk ere behar ditu euskararen normalizazioak, eta horien gainean ere lanean ari gara, baina lege marko egokia ere ezinbestekoa du euskarak, eta horren alde ere jarraituko dugu, besteak beste euskararentzat lege berria eskatuz. Nafarroan bezala, baita Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere.

Testuinguru horretan, EH Bilduren aburuz, bada garaia urrats bat aurrera emateko. Euskara, gaztelaniak nahiz frantsesak beren lurraldeetan duten mailaren parean jartzeko. Euskarak gizarte espazio guztietan presentzia, bizia izan dezan. Berdintasunean, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen. Hori da EH Bilduren helburua, euskaldunok bigarren mailako herritar izateari uztea, gure herrian, euskararen herrian. Besterik ez, gainerako nortasun, hizkuntzen errespetutik; baina geureari, berezkoa dugun euskarari, dagokion tokia emateko.

Eta zentzu horretan, Herri ikuspegi batetik funtsezkoa eta ezinbestekoa da Euskal Herria osatzen duten hiru eremu politiko-administratiboen arteko koordinazioa eta elkarlana, eta bereziki hizkuntza normalizazioari dagokionez. Hainbat eremutan egiten den bezala, eta beti, eremu bakoitzaren ezaugarrien eta erabaki gaitasunaren errespetu eta aitortzatik. Are gehiago Euskara izanik hiru eremuen ezaugarri nagusia, hiru eremuak batzen dituena eta komunitate, herri, egiten gaituena.
Hori dela eta, EH Bilduk hizkuntza politika sustatzeko eta koordinatzeko egitura sortzea proposatuko du instituzio desberdinetan, Nafarroako Parlamentuan, Gasteizko Legebiltzarrean, hiriburuetan eta hainbat erakundetan. Horretarako, hain zuzen ere, erakunde bakoitzari eskatuko diogu batzorde komun horretako partaide izan litezkeen erakundeetako arduradunekin harremanetan jartzeko.

Koordinazio batzorde hori ondorengo erakunde hauetako ordezkariek osatuko lukete: HELEP; Nafarroako Gobernua; Eusko Jaurlaritza; Eudel; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa; UEMA; Baigorri, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Maule hiriburuetako udalak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta Udalbiltza.

Gogoratu eta azpimarratu beharra dago, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Herri Elkargoa sortzen eta eraikitzen ari den momentu historiko honetan, hiru eremu politiko-administratiboak gaituak eta ahaldunduak izango direla, lehen aldiz, berdintasunean, parez pare instituzio arteko harremanetan elkarlanean jarduteko eta koordinatzeko, haietako bakoitzaren borondate politikoa halakoa izanez gero.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.