Ultzamako biogas plantari buruzko txosten larria argitaratu du Comptos Ganberak. Ultzamarako UPNren proiektu izarra izandakoak, erregimenak zuen lan egiteko modu iluna agerian utzi du. “Planta honen eraikuntzaren bidea irregulartasunez josia egon dela salatu du Comptos-ek” adierazi du prentsaurrean Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaleak, “dena prestatua zegoen empresa jakin batek adjudikazio zuzena jaso zezan, adjudikazio irregular eta ilegala egin zen; erabakietan parte hartu zuten hainbat zinegotzik enpresako bazkide izaten amaitu zuten…”.

Hau guztia gutxi balitz, Comptosek agerian utzi du dirulaguntzak kobratzeko martxan jarri zuten sistema. “Obra berarengatik faktura bikoitzen sistema bat eratu zuten” azaldu du Araizek, “bi enpresa ezberdinek, lan berarengatik faktura ezberdinak aurkezten zituzten, diru laguntza ezberdinak jaso ahal izateko”. Prozedura guzti hauek kinka larrian utzi dute Ultzamako udala, bera utzi baitute gertatutakoaren arduradun ekonomiko moduan. “Hauxe da UPNren estiloa, etekinak daudenean esku pribatuetara joaten dira, aldiz, diru galerak edo isunak daudenean, herritarrek, fondo publikoen bitartez hartu behar dituzte bere gain”.

Hauxe da UPNren estiloa, etekinak daudenean esku pribatuetara joaten dira, aldiz, diru galerak edo isunak daudenean, herritarrek, fondo publikoen bitartez hartu behar dituzte bere gain

Egoera honen aurrean, Ultzamako egungo alkateak, EH Bilduko Arantxa Martinezek, proiektu hau bultzatu zuen Patxi Perez alkate ohia eta egungo zinegotziaren dimisioa eskatu du. “Hauxe da UPNk Ultzama utzi digun herentzia pozoindua” salatu du Martinezek, “orain guri dagokigu, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, zama hau Ultzamako herritarren bizkar erortzea saihestea”.

Patxi Perezen dimisioa eskatzeaz gain, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio UPNko burua den Javier Esparzari, berak babestu baitzuen Ultzamako proiektua eta Perez bera, alderdiaren zuzendaritzan sartu zuen, konfidantzazko pertsona moduan. “Bide judizialaz gain, azalpenak eskatuko ditugu Parlamentuan” adierazi du Adolfo Araizek, “ikerketa batzorde berezi bat sortzea proposatzen dugu, gai honen inguruan dauden zikinkeri guztiak argitu daitezen”.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.