Azken egunotan PSNren jarrera aldaketaren jokuaren lekuko izaten ari gara, bere buru aldaketaren partetzat hartuz eta Bianan egungo UPNren gobernuaren kontrako zentsura mozioa martxan jarriz. Madrildik, Ferrazetik eta Nafarroatik saldu nahi diguten itxura berria bultzatzeko neurri oportunista. EH Bildun argi dugu Bianak aldaketa behar duela. Herria ezin da UPNren ezgaitasun, itxikeria eta autoritarismoaren menpe egon. Bainan aldaketak, bai Bianan eta baita Nafarroan ere, bestelako osagaien beharra du, bai eduki eta baita formetan ere. Bai parte hartzaileetan eta baita akordio programatikoetan ere. Historia hurbilak horrela erakusten digu.

PSN ez da aldaketaren parte, ez Bianan ezta Nafarroan ere, bere ibilbideari, urrunekoari eta gertukoari erreparatzea besterik ez dago. Kontrakoa, PSN erregimenaren zutabeetako bat izan da azken hamarkadetan, UPNren makulua. Barcinarekin gobernuan izan ziren eta legegintzaldia amaitzen utzi zioten. Gaur egun, Madrilgo Gobernuan Mariano Rajoy baldin badago PSOEren babesarengatik besterik ez da izan. Nafarroan aldaketa heldu eta azkenengo bi urteetan, PSNren jarrera agerikoa izan da, beti oposizioarekin lerrokatuz, aldaketaren kontrako jarrera irmoa, askotan sutsuena, mantenduz. Egun, PSN da jarrera atzerakoienak defenditzen dituena, edozein aurrerapausu aurrerakoi eta askatzaileren kontra azalduz; elkarbizitza, norbanako eta gizartearen eskubideen alde edo ta justizia soziala bultzatuz harturiko neurriek, PSN izan dute aurrez aurre. Noski, salbuespenak izan dira urte hauetan, beren herrietan benetazko aldaketaren alde eta inkluso aldaketan parte hartzearen alde azaldu diren PSNko kideak izan direlako. PSN/PSOE ren zuzendaritzaren jarrera kasu hauetan bakarra izan da: presioa, errektifikazioa edo bestela, kalera. Bistakoa da beraz, oraindik ere bide luzea daukatela benetazko aldaketaren eragile izateko.

PSN ez da aldaketaren parte, oraindik ere, gizartearen gehiengoaren kontrako bazterkeria politikak mantentzen dituelako. EH Bilduk ezin ditu onartu, Madrildik etorritako bazterkeria neurri hauek, PSNko kideek beraiek horrela onartuta. Eta larria iruditzen zaigu, egungo aldaketaren parte diren alderdiek, bazterkeria neurri hauek ontzat hartzea edo ta hauen aurrean ezer ez egitea. Honekin batera salatu nahi dugu, Bianako zentsura mozioa adosteko hartutako bidea, argitasunik gabea, EH Bilduko zinegotzia oporretan dela baliatuz aurrera ateratzeko.

PSNrekin egin nahi den itxura garbiketan ez du parte hartuko EH Bilduk, bi helburu argi baititu honek: PSOE hondotik ateratzea estatu osoan eta Nafarroako kasuan gainera, aldaketaren aldeko lau indarron artean pitzadurak eta tentsioak eragitea.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.