Aroztegiako proiektu urbanistikoaren kontrako jazarpen judizialean enpresa promotoreak hasitako bideak beste urrats bat eman du. Oraingoan Tokiko Gobernu Batzordea osatzen duten EH Bildu eta Ezkerrako bortz hautetsien kontra prebarikazio eta diru-publikoaren erabilera makurragatik salaketa paratuz. Zergatik? Ekainaren hasieran Elizondoko plaza Aroztegiako Komantxeei Aroztegiako proiektu urbanistikoaren kontrako kanpaldia egiteko uzteagatik eta horretarako argia emateagatik.

Joseba Otondo Baztango alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, salaketa hau harriduraz hartu dute herrian. “Baztandar guztiek dakiten bezala, Baztango Udalak Tokiko Gobernu Batzordearen erabakien bidez plaza eta plazako argia zernahi ekitaldi eta hitzordurako uzten ditu: negu sasoian igandearekin egiten diren bailableetarako, bigarren eskuko azoketarako, artisauen ferietarako, esne sektorearen egoera salatzeko manifestazio akaberako ekitaldirako, Blues elkartearen kontzertuetarako, erlijio ebangelistako fededunen bilkuretarako, errege-kabalgatarako, Elizondoko herriari bestetarako… Eta, bistan denez, Aroztegiako proiektu urbanistikoaren sustatzaileek proiektuaren aldeko herritarrek plazan zerbait egin nahiko balute, baimena izanen lukete. Izan ere, herritar ororen esku jartzen ditugu espazio eta plaza publikoak, bereizkeriarik gabe”.

Palacio de Aroztegiak bere interes ekonomikoetarat makurtzen diren ordezkariak eta instituzioak nahi ditu. Baina baztandarrak eta, bistan gu, botere ekonomikoetatik independienteak gara eta botere ekonomikoetatik independienteak diren instituzioak nahi eta defenditzen ditugu. Instituzio publikoak herritarrek emandako legitimitate demokratikoan oinarritu behar dira.

Modu berean, autonomia munizipalaren defentsa sutsua egiten segitu nahi dugu, oraingoan herriko espazio publikoen erabilera baimentzeari buruz.

Instituzio publikoen autonomia aldarrikatzen dugu SICAV funtsetan diruak gordetzen dituzten promotoreen aitzinean edo Fuerteventurako La Olivako desastre urbanistikoaren arduradun izan diren promotoreen aitzinean; hau da, orain Aroztegiako promotoreak direnen aitzinean.

Palacio de Aroztegiako promotoreak afera guzti honetan Baztango erakundeen gainetik pasatu nahi dute. Horretarako udal agintarien kontra judizialki jo dute, oraingoan, Tokiko Gobernuko ordezkarien kontra. eta plazaren erabileraren udal eskumenaren kontra. Palacio de Aroztegiak garbi izan behar du botere ekonomikoak ez dituela herritarren ordezkariak diren hautetsiak menpean hartzen ahal; eta ez gaituztela menpean hartuko.

Akaso Palacio de Aroztegiak eman behar al du baztandarrek plaza erabiltzeko baimena?
Akaso Palacio de Aroztegiak plazan musika izateko argiaren erabilera arautuko du?

Hemen gaudenok udalaren autonomia eta hirigintza eskumenen alde eta, bistan dena, herritarren behar eta adierazpenerako espazio eta plaza irekien alde jarraituko dugu, nahi duen edo eskatzen duen edozein baztandarrek erabiltzeko aukera izan dezan. Horregatik salatu gaituzte.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.