Bildu Nafarroako eta Nabaiko parlamentarioek prentsaurrekoan azaldu dute "Politika herriz herri ere egin behar da. Kalean ere egin behar da. Eta, inoiz baino gehiago, Espainiar zein Nafar Gobernutik datozen politika injustuei aurre egiteko, ezinbestekoa da bat egin dezagun Nafarroaren etorkizuna urratzeko bidean. Bagaude EH Bildu izanen dela Nafarroako jendarteak eskatzen duen aldaketa politikoaren motorra."

Gaur ekimen bat aurkeztu nahi dugu, gure ustez ekimen inportantea, politika egiteko gure modua islatzen duelako. Etorkizuneko politikaren eredua delako.

Datorren astean Bilduko eta Nabaiko parlamentarioek Nafarroako hainbat herritan hitzaldi batzuk emanen ditugu, herritarrokiko harremanak sendotzeko asmoz, Perineotatik Erriberaraino.

Hitzaldi hauen helburua argia da: Nafarroako egungo egoeraren azterketa eta etorkizuneko erronkak herritarrokin partekatzea.

Ze analisi egiten dugun konpartitu nahi badugu ere, herritarron irakurketa eta iritziak ere ezagutu nahi ditugu. Herritarrok etorkizuna nola ikusten duten jakin nahi dugu, beren proposamenak eta beharrak zeintzuk diren ezagutu nahi ditugu.

Hitzaldi hauetan bi gai jorratu nahi ditugu, bereziki. Batetik, duela gutxi eztabaidatu eta atzera bota ditugun aurrekontuak. Bestetik, Nafarroak aurrera begira dituen erronkak.

Jakina denez, Nabaik eta Bilduk aurrekontu hauei osoko zuzenketa aurkeztu genien. Eta aurrekontu hauekiko gure kontrako jarreraren zergatia azaldu nahi dugu. Era berean, garrantzitsua iruditzen zaigu gurea herritarron ikuspuntuarekin kontrastatzea. Eta, bereziki, murrizketak sufritzen ari direnekin. UPNk aurkeztutako aurrekontuak, atzera bota ditugun aurrekontu horiek, ez zeuden nafarron beharrei eta interesei begira eginak, elikatu nahi duten elite bati begira baizik.

Hitzaldi hauetan ere Nafarroako etorkizuna eta politika beste modu batez egiteko beharra aztertuko dugu. Hitzaldi hauetan Bilduko eta Nabaiko parlamentarioak batera aritzeak erakusten du zein den gure bidea: ilusioa piztuko duen gehiengo berria, aurrerakoia, ezkerrekoa eta abertzalea osatzea.

Jakin, badakigu, Nafarroako jendarteak arduraz aritzeko eskatzen digula eta gure ardura dela gehiengo berri bat sortzea. Elkarrekin lanean ari gara Nafarroan tresna egokia izan dezagun, gehiengo berriak lortu ahal izateko. Bagaude EH Bildu izanen dela Nafarroako jendarteak eskatzen duen aldaketa politikoaren motorra. Eta honengatik, hitzaldi hauek EH Bilduren izenean antolatu ditugu.

UPN-PSNren zikloa bukatu da. Nafarroako errealitate ekonomikoak argi erakusten du bi alderdien arteko azpijokoetarako tokirik ez dagoela. Ezin da Nafarroan gobernatu karguak nola banatuko diren pentsatuz edo Madriletik datozen aginduak betez. Ezin dugu denbora galdu, Nafarroako Gobernuak nafarron beharraz pentsatu eta aritu behar du. Nafarroa aurrerakoia da eta Nafarroak bere identitate kulturalarekin bat datozen politika aurrerakoiak eskatzen ditu. UPNk eta PSNk ez dute hau ulertzen, ezta egiten ere.

Gai hauen inguruan herritarrokin hitz egin, konpartitu eta ikasi nahi dugu. Egoerari eta etorkizunari buruzko hausnarketa elkarrekin egin eta beren proposamenak jaso nahi ditugu.

Politika herriz herri ere egin behar da. Kalean ere egin behar da. Eta, inoiz baino gehiago, Espainiar zein Nafar Gobernutik datozen politika injustuei aurre egiteko, ezinbestekoa da bat egin dezagun Nafarroaren etorkizuna urratzeko bidean.

Hitzaldiak:

Zizur: abenduaren 11n, 19:00etan Udaletxea, Bakartxo Ruiz eta Patxi Zabaleta

Tutera: abenduaren 12an, La Rua, Bikendi Barea eta Txentxo Jimenez

Leitza: abenduaren 12an 18:30ean, Udaletxea, Aitziber Sarasola

Tafalla: abenduaren 12an 19:30ean, Kultur Etxean, Victor Rubio

Lodosa: abenduaren 13an, 19:00etan, Udaletxean, Koldo Amezketa eta Asun Fernandez de Garaialde

Lesaka: abenduaren 14an, 19:00etan, Udaletxean, Maiorga Ramirez eta Xabi Lasa

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.