Orain dela urtebete milaka emakumek Iruñeko eta Nafarroako osoko kaleak hartu genituen, mugarri izan zen egun batean. Berdintasuna, berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko eta guztiondako gizarte hobeago baten aldarrikapenek batu gintuzten. Egun historikoa izan zen; mobilizazio, aldarrikapen eta batasunaren eredugarri.

Sentimendu eta aldarrikapen horiek indartsu azaleratuko dira berriz datorren martxoaren 8an. Gure gizartearen egiturazko arazoek konpondu gabe jarraitzen dutelako. Eta gure gainean mehatxu berriak ditugulako, eta horiek behar bezala neurtzen eta erantzuten jakin behar dugu. Espainiako Estatua, Europa eta mundu osoa zeharkatzen ari den olatu autoritarioa mehatxua da azken hamarkadetan kalean, lantokietan, instituzioetan eta jendarteko esparru guztietan egindako borroken bidez lortutako eskubideentzat. Eta emakumeon eskubideak dira, hain justu, murriztu nahi dituzten lehenengoak. Etxean nahi gaituzte, eskubiderik eta askatasunik gabe. Haien esanetara nahi gaituzte. Baina argi izan dezatela: ez dugu onartuko eta merezi duten moduan erantzuten jakinen dugu.

Martxoaren 8rako Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako greba feminista aukera ezinhobea da erantzun irmoa emateko eta fokua jartzeko pertsonak eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean kokatzen dituen gizarte eredu aldaketa baten beharrean. Horregatik, EH Bilduko emakumeok eragile aktiboak izan behar gara greba egunean. Guk planto eginen dugu gure eguneroko jarduera politikoan, aldarrikapen horiek guztiak azalera daitezen eta, aldi berean, lan egin eta borrokatu eginen dugu berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, emakume izateak menpeko izatea ez dakarren gizarte bat eraikitzeko.

EH Bilduko emakumeak jakitun gara berdintasunaren aldeko eta jendarte justuagoa eraikitzeko lana egunero eta esparru guztietan egin behar dela. Eta hori oso ongi dakigu Nafarroan. Hamarkadetan zehar bizi izan dugu sektarismoa gobernuetan, berdintasun politikak familiarekin lotu dituztenak edota gure gorputzen inguruan erabakitzeko eskubidea ukatu diguten gobernuak. Berdintasunezko hezkuntza bultzatu nahi duen Skolae programaren aurka hainbat sektoretik agertzen den sektarismo atzerakoi berbera da. Hazte Oír elkarteko autobusaren sektarismo berbera da; dirudienez, Iruñera etorriko dena datozen egunotan, emakumeak gizonen menpean jarri eta egoera horretan mantendu nahi dituzten ideia atzerakoiak zabalduz.

Orain dela 4 urte, aldaketak jauzi kualitatiboa suposatu zuen, mugimendu feministak kalean eta instituzioetan urte luzez burututako borrokaren ostean. Egun, borondate argia dago berdintasun politikei balioa eta beharrezko tokia emateko, eta hori legeak aitortu eta babestutako eskubide bilakatu da. Izan ere, berdintasunezko gizartea erdiesteko, ezinbestekoa da emakume guztion eskubide eta askatasunetan aurrera egitea; gizarte heteropatriarkalak egunero, neurri handiago edo txikiagoan, emakume guztiok zapaltzen gaituelako. Azken 4 urteotan, Nafarroan, aldaketak aurrerapen esanguratsuak ekarri ditu berdintasunaren eremuan, eta egunez egun aurrera gehiago egiteko bidean gaude, laster onartu eta garatuko den emakume eta gizonen arteko Berdintasun Legearekin.

Baina oraindik asko dago egiteke politika publikoak gako feministen arabera eraldatzeko, benetako berdintasuna lortzeko, pertsonak eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriz. Guk geuk, EH Bilduko emakume feminista, soberanista eta ezkerrekook, lanean jarraituko dugu emakumeen bizitzari, eta azken finean pertsona guztiei, eragiten dioten erabaki guztiak hemen hartzeko.

Horregatik guztiagatik, berdintasunezko gizarte batean sinisten dugulako, autoritarismorik gabekoa, justizia sozialean oinarritutakoa eta bigarren mailako herritarrik gabekoa; martxoaren 8an, EH Bilduko emakumeok bat eginen dugu greba feministarekin eta, era berean, eragile aktibo izanen gara egun horretan kalean izanen diren aldarrikapenei bide ematea lortzeko.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.