Nafarroa Bizirik herri ekimenak abenduaren 22an Iruñeko Anaitasunan antolatu duten Napar Festan parte hartzeko gonbidapena luzatu digu Nafarroako herritar eta eragile guztioi. EH Bildutik eskerronez hartzen dugu gonbidapena eta jendarte osoa animatu nahi dugu larunbatean Anaitasunara hurbildu dadin. Urte osoan zehar Nafarroa Bizirik ekimenak eta beste hainbat eta hainbat eragilek egin duten lanak merezi du konkistaren 500. urtemuga izan den 2012 urteari agurra indartsua ematea, urte berria itxaropenez eta ilusioz beteta irekitzeko.

{audio}http://ehbildu.net/images/audioak/20121219_MaiteIturre.mp3{/audio}

2012. urtea nafarroako herritarren memoria kolektiboan luzerako aztarna utziko duen urtea izaten ari da. Sekulako ahalegina egin du jendarteak duela 500 urte Nafarroak pairatu behar izan zuen sarraskiaren oroimena berreskuratu eta herritar ororen eskura jartzeko. Benetan txalotzekoa da hamarnaka herri eragilek, ikerlari bolondresek, elkartek eta milaka eta milaka herritar xumek azken urte hauetan egin duten lan eskerga gure herriaren iraganean murgilduz gertakizun historikoen testigantza zuzen eta benetakoa agerian uzteko.

Herria izan delako Nafarroako benetako historiaren egia azaleratu duena. Bestelakoa izan da tamalez UPNk zuzentzen duen Nafarroako Gobernuaren jarrera. Mendeetan zehar inposatu nahi izan diguten borondatezko anexioaren gezurra saltzen segitzea ezinezkoa bilakatu zaienean, jendartetik sortutako ekimenen oihartzuna gutxiestera mugatu dira, besterik gabe.

Oso adierazgarria da hain garrantzitsua den 500. urtemugaren efemeridearen harira oraindik orain Nafarroako Gobernuak ez duela Nafarroari zor zaion erreparazio historikoa aldarrikatzeko inolako adierazpenik egin. Noiz eskatu behar dio Nafarroak Espainiari 1512an egindako sarraskiaren aitortza politikoa egin dezan? Noiz egin behar du Nafarroak indarrez zapaldutako eskubideak berreskuratzeko hautu politikoa? Garbi geratu denez, UPN-k garaiko Leringo Kondeen oinordekotzaren papera jokatzea erabaki du, Nafarroaren eskubideen defentsa baztertuz eta Espainiaren dominazioari zilegitasuna emanez. Bestelako Gobernu bat beharko da Nafarroan Nafarroari dagokion burujabetzaren alde lan egiteko.

Garrantzitsua izan da oso Nafarroaren oroimen historikoa auzolanez berreskuratzeko egin den lana. Oroimenaren ezagutzak etorkizuna eraikitzeko indarra eman behar digu. Zeren eta 2012ko Nafarroak inoiz baino gehiago behar du Burujabetza. Burujabetza behar beharrezkoa dugu herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko. Bereziki, burujabetza behar dugu krisi ekonomiko eta sozialaren arrazoi eta ondorioei aurre egiteko. XXI. Mendeko nafarrok auzolan berri bati ekin behar diogu eremu guztietan gure jendartea antolatzeko behar dugun erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta egikaritzeko. Etorkizun askea eraikitzea izanen da duela 500 urte Nafarroaren independentziaren alde borrokatu ziren guztiei egin diezaiokegun omenaldirik hoberena.

Iruñean, 2012ko abenduaren 19an

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.