Aldaketa euria etorkizuneko Nafarroarako

Azaroaren 17an eztabaida prozesuari hasiera eman genion. Orain 2 hilabete publiko egin bezala, egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren azterketa bat egiten dihardugu eta gaur mugarri berri bat jarri dugu.

Arlo desberdinetako lehenengo zirriborro bat idatzi dugu hainbat pertsonek eta gaur, Nafarroako gizarteari aurkeztu nahi diogu.

Egin dugun arlokako diagnosiaren azterketatik atera dugun ondorio nagusia zera da, Nafarroa emergentzia egoeran dagoela.

Baina zergatik diogu Nafarroa emergentzia egoeran dagoela? Nola heldu gara ondorio honetara?

Nafar Gobernuak eta bere ondokoek jendartearen lehentasunak ahaztu dituzte. Eskubidedun hiritar izatetik bigarren mailako hiritar izatera pasa gara. Hamaika Lan Erregulazio Espediente tramitatu dira, joan den urtetik langabezi tasa %27 igo delarik, osasungintza publikoa desegiten jarraitzen dute, 60.000 nafar baino gehiago bazterketa soziala pairatzen ari dira edota pairatzeko arriskuan daude (populazioaren %10), etxe-desjabetzeak etengabeak dira...

Nafarroan gehiegizko ustiaketa egin da urte luzez, mugarik gabe mozkinak jaso nahi izan dituzte batzuek antzinako señoritoek bezala, Nafarroa pobretuz joan den bitartean. Gutxi batzuen artean erabaki dute zer, nola eta noiz egin, nafar jendartearen beharrak eta nahiak kontutan izan gabe. Gure ondarea xahutu dute amildegi ekonomiko, politiko eta instituzionalaren ertzean kokatu gaituztelarik.

Garapenarena eufemismo gisa erabiliz ingurugiroaren suntsipena sustatu dute. AHT bezalako makro-proiektuak denaren gainetik finantzatu dituzte; lehen sektoreko lanpostuen desagerpen kalkulatua bultzatu dute enpresari handien mesedetan; lurralde antolaketa eredu gisa zentralizaziora jo dute, Tutera eta Iruñean kokatuz zerbitzurik gehienak, gainerako zonaldeak baztertuz; eta ezin ahaz dezakegu, tentsio handiko linea, hainbeste errepide sare, termika eta gisako infraestruktura ekologikoki eta ekonomikoki sustenga ezina den garapen eskema baten arabera egin dituztela.

Nafar Gobernuak, Nafarroako kulturaren zutabe nagusienen kontra egin du. Euskararen aurkako jarrera sistematikoa izan du hizkuntza propio gisa baztertzera eramanez: administrazioko esparru guztietatik kanporatu du, eta era berean, ekonomikoki ito nahi izan du eta bere zabalpena oztopatu. Hezkuntzari dagokionean pribatizatua nahi du, hezkuntza komunitatearen parte hartzerik gabe, akritikoa, sexuen arabera bereizia, balore enpresarialetan oinarritua.

Hau dena gutxi balitz, gotortutako Gobernua ezarri dute, bere gestioari buruz inolako azalpenik ematen ez duena. Bitartean, Nafarroako Kutxaren galera eta desagerpenari buruz ez dute inolako ikerketarik ireki nahi, edota Parlamentuaren gehiengoak esandakoari kasu zipitzik ez diote egiten, ez dute zalantza izpirik murrizketa ekonomikoak aplikatzeko eta Madriletik datozen injerentziei aurre egiteko, hala nola, Estabilitate Legea edota Toki Entitateen kasuan. Entzungor egiten dute gehiengo sozial, politiko eta instituzionalaren aurrean, eta isilean Madriletik datozen mandatuak lehenesten dituzte nafarron interesen aurrean.

Diagnostikoaren lanketan jardun dugun pertsonek oso argi dugu prozesu honen, eta baita aldaketaren, lehen balorea, gauzak NOLA egiten ditugun kontutan hartzea dela, eta zentzu horretan diagnostikoa bera, eta ondoren aterabideak beraiek, herritarrekin konpartitzea, edo are gehiago herritarrekin egitea.

Aurkezten dizuegun diagnosi zirriborroa burutzeko, herritarrek egiten duten, egiten dugun errealitatearen hausnarketa eredua zaintzen saiatu gara, ahalik eta ulergarrien eginez. Egungo egoeraren ardatz guztiak aztertu baditugu ere, diagnosi zirriborroa aurkezteari begira bi aldagai lotzen saiatu gara: eremu bakoitzaren egoeraren laburpen bat orrialde gutxitan, edozeinek uler dezakeen eskema metodologikoan banatuz; "pertsona, ingurugiroa, kultura eta askatasunak ARDATZ dituen jendartea".

Gaur diagnostikoaren zirriborroari ekarpenak jasotzeko epea ireki dugu, eta Otsailaren 9an, Artikan burutuko ditugun jardunaldietan bukatuko dugu diagnosiaren fasea. Bide batez, probestu nahi dugu, hemendik jendarte guztiari parte hartzeko deia luzatzeko.

Otsailetik aurrera bigarren faseari ekingo diogu, proposamenak burutzearen garaia hain zuzen ere. Nafarroak ezinbesteko duen aldaketa politiko, soziala eta ekonomikoa gauzatzeko funtsezkoak diren neurriak aztertu, trebatu eta ebatziko ditugu alorrez alor, ahal bezainbeste eragile zein herritarrekin Nafarroa luze zabalean.

Proiektu honek irismen estrategikoa duela adierazi nahiko genuke berriz ere, honetan lanean aritu garenok horrela ikusi izan dugu, eta horrela gonbidatzen zaituztegu. Gure helburua beraz gehiengo berrien osaketari erreparatzen dio, politika egiteko era berri bati. EHBilduk hartu du politika era desberdin batean egiteko ardura, bere pentsamoldeak, azterketak eta irtenbide proposamenak herritarron eskuetan jartzeko ardura. Aldaketa etorriko da Nafarroara, aldaketa eskatzen dugulako nafarrok, eta aldaketa horren bidetik abiatu da bizkor EHBilduk proposatu eta guk gurea egin dugun prozesu hau.

Azkenik, prozesu hau bere egiteko deia luzatzen diegu eragile zein herritarrei, diagnosiaren azterketan zein proposamen zehatzen hitzartzean. Haien eskutik eraiki nahi dugulako bidea. EH Bilduren hausnarketetan eragile sozial eta sindikalak zein herritarrak politikagintza berri bat eraikitzeko interlokutore preferente dira.

Aldaketaren oinarrien eztabaidan, hortaz, datozen egunotan herritar guztien parte hartzea bermatzeko prozedura berriak iragarriko dizkizuegu, interesa duen orok ahal duen neurrian iritzia eman dezan. Gure lehenengo ekarpena eztabaidagai jartzen dugun diagnosi zirriborro hau da eta konpromiso publikoa hartzen dugu egiten zaizkigun ekarpen guztien gaineko hausnarketa sakona egingo dugula, bai eta hartu eman iraunkor bat eraiki ere. EH Bilduren tokia herritarren ondoan dago, eskuz esku etorkizuneko Nafarroaren alde lanean.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.