Nafarroan larrialdi demokratiko batean aurkitzen gara. Langabezia tasa eta gizarte bazterkeria historiako maila gorenetara iritsi diren bitartean, gobernuan dagoen klase politikoa botere nahiaz kutsatutako burbuila batean bizi da; azken urteetako ustelkeriaren eta ondare publikoaren espoliazioaren atzean dauden ardurak, nola edo hala, ezkutatu asmoz .

 

 

Kontuz! mugimendu herritarraren eta gizartearekiko konpromisoa erakutsi duten beste hainbat eragileren lanari esker nafarrek ezagutu dituzten gertaera eta informazioek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Nafarroak ezin du horrela jarraitu. Nafarroak ezin du onartu noraezean dabilen eta gaitasunik ez duen eskuin lotsagarriak arrastaka eramatea, ezta adorerik gabeko alderdi sozialistak ere, zeinek ez duen alboratu nahi eskuinaren menpeko rol historikoa.

Nafarroako gizarteak ezin du gehiago. Herritarrek benetako aldaketa bat aldarrikatzen dute ozen, bestelako etorkizun batean sinestea ahalbidetuko dien aldaketa. Eta etorkizun sendo bat eraiki ahal izateko ezinbestekoa da iraganeko kontuak kitatzea. Nafarrek diru publikoa nola kudeatu den jakiteko eskubidea dute. Nafarrek eskubidea dute jakiteko zergatik geratu diren, bat-batean, herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialarentzako funtsezkoa zen finantza erakunde publikorik gabe. Nafarrek eskubidea dute jakiteko Nafarroako Kutxa porrotera eraman dutenak zergatik aberastu diren modu eskandalagarrian. Bizitzako ezein esparrutan ez da gertatzen negozio bat gaizki kudeatu dutenak aberastea. Nafarroako politikan, ordea, bai. Nola liteke hori? Nafarroak ezin du onartu Nafarroako Kutxa hustu dutenak zigorrik jaso gabe eta poltsikoak beteta alde egitea. Ikuspegi demokratiko batetik, ezinbestekoa da gertatutakoa sakonki ikertzea eta ardura guztiak garbitzea. Behin eta berriro diotsogu: bukaeraraino iritsi eta ardura GUZTIAK garbitu behar dira; penalak, politikoak eta ekonomikoak, eragindako kalte larriengandik ordaina zor baitzaio nafarroako gizarteari.

Horregatik, EH Bilduk, Kontuz! mugimenduak eta bestelako gizarte eragilek otsailaren 2rako deitutako manifestazioan parte hartzera animatzen ditu nafarroako herritarrak. Ez dugu zalantzarik nafarroako gizarteak gardentasunarekin eta zintzotasunarekin duen ahobatezko konpromisoak egi bihurtuko duela Nafarroak hain beharrezko duen eraldaketa demokratikoa.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.