"Aldaketa euria" jardunaldiak burutu ziren atzo Artikako kultur etxean. 160 parte-hartzaile izan ziren, Nafarroako errealitatearen gaineko analisia egin eta aurrera begirako ildoak zehazteko asmoz. Plenoarioan Mikel Sotok hitz egin zuen euskaraz eta Pepa Pagolak gazteleraz:




Hitzaldiari hasiera eman aurretik, pobrezia larrian bizi diren familiei eta langabezian dauden 55.000 lagun horiei zuzendu nahi gatzaizkie, errespetu osoz. Nafarroan luzaroan agintean egon den botere banaketa sistemaren ondorioak modu dramatikoan pairatu baitituzte herritar horiek. Egoera horren atzean dagoen arazo estrukturalaren aurka egiteko bere konpromisoa berresten du EH Bilduk, sustraietatik hasita. Ez dugu onartuko beste Goñirik, ez beste Sanzik, ez Barcinarik, ez Del Burgorik. Ezta urte luzez nafar guztien baliabideak espoliatzen ibilitako beste edonor ere.

Ibilbide berezi hau azaroaren 17an hasi genuenetik, iritzi eta ideia ugari partekatu ditugu hainbat eragilerekin: gazte elkarteak, hirugarren adineko elkarteak, merkataritza eta kontsumo erakundeak, gobernuz kanpo erakundeak, kirol eta kultur elkarteak, zientzia erakundeak, ingurumenari lotutako taldeak, aisialdirako fundazioak, sindikatuak, etab. Izan ere, prozesu honen baitan, 400 lagun baino gehiagok hartu dute parte.

 

Herritar guztiekin ireki nahi ditugu ordea komunikaziorako bideak, ihesbiderik gabe, euren iritzia, zuen iritzia, zuzenean ezagutu ahal izateko. Politika egiteko modu berri bat eraiki behar dugula ulertzen dugulako. Zeinetan gutariko bakoitza subjektu aktibo izango den erabakitzeak hartzeko orduan.

Azken hilabeteotako lanaren eta jasotako iritzien ondoren, zoritxarrez, bi egiaztapen betetzen direla ikusi dugu:
1. Nafarroa larrialdi egoeran dago. Larrialdi soziala, ekonomikoa eta instituzionala. Gehiengoaren egiazko beharrei jaramon egin gabe gutxi batzuen interesak asetzera zuzendutako sistema baten porrota da. Ustelkeria eta iruzurra izan dituzte bidai lagun azken urteetako pertsonaia ezagun guztiek.
2. Modu berean, ondorioztatu dugu badela gizarteko sektore ugarik partekatzen duten nahia: erabateko aldaketarena. Eta gaur kolore ugariko mezua nabarmendu nahi dugu. Nafarroa osoko talde eta kolektiboek helarazi diguten mezua: arazo estrukturalen aurrea, aldaketa sakonak. Ezer aldatuko ez duten aldaketa txikiak bultzatzen dituzten jarrera eta mezuen aurrean, gaur, merezi duen irmotasunez, Nafarroako herritar guztiei, jakinarazi nahi diegu Nafarroan badela nahikoa indar, jende eta ideia goitik beherako eraldaketari ekiteko.

Politika egiteko bestelako modu bat badago. Jardunaldi hauek edota milaka pertsonek egunero, modu eskuzabalean, abian jartzen dituzten ekimen ugariak dira esandakoaren isla. Instituzionalizatuko ustelkeriaren aurrean, erabateko gardentasuna. Gutxi batzuek dena erabakitzen duten eredu itxi baten aurrean, partaidetza eta herritarren indar hartzea. Krisian dagoen eredu baten aurrean, datozen belaunaldientzat etorkizun duin bat bermatuko duen eredu berria. Gure azterketan nabarmendu bezala, pertsonak lehentasun izango dituen gizarte baten alde egiten dugu, kultura bultzatuko duena eta askatasunen bermatzaile izango dena.

Partekatutako diagnostiko bat osatzeko fasea bukatu dugu, eta horrekin, prozesuaren beste fase bat hasten dugu. Larrialdizko egoera honi aurre egiteko konponbideak, bestelako politikak eta tresna berriak proposatu, landu eta gauzatzeko garaia da. Lehen fasean bezala, Nafarroako gizartearekin eta hainbat eragilerekin esperientziak partekatuz formulatu eta eraiki beharko dira irtenbideak. Nafarroako gizarteak proposatu eta gidatuko ditu konponbide horiek, bera baita aldaketa prozesuaren burua.

Denon artean eraiki nahi dugun ereduak badu abantaila adierazgarri bat: emaitza zehatzak izango dituen eredua dela. Soluzioen eredua da. Entzungo duzue hamaika bankari, politiko, zutabegile eta bestelako "adituen" ahotan eredu hori ez dela bideragarria; eta, horregatik, jakingo duzue baietz, beharrezkoa dela. Kritikak entzutean jakin euren pribilegioak amaitzeko bidean garelako etorriko direla. Eredu horren garapenean emango dugu gure denbora eta ahalegina datozen hilabeteetan. Jardunaldi hauek amaitzerakoan eta lanerako material guztia bildutakoan, EH Bilduk, ibilbidea hasiko du sektore aurrerakoi, ezkertiar eta abertzale guztien eskutik; Nafarroako etorkizuneko eredua ardatz.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.