Mikel Sotori BERRIAn egindako elkarrizketa:

Mikel Soto editoreak (Iruñea, 1978) Etorkizuneko Nafarroako Aldaketa Euria egitasmoan parte hartu du. Duela bi hilabete eta erdi hasi ziren lanean, eta 25 sektoreren lehen diagnostikoa egin zuten. Orain, gizartearekin partekatu eta hobetu nahi dute azterketa. Gaur elkartuko dira Artikan, 10:00etatik aurrera.

Catalanen erabakiaren ondoren, hauteskundeak uste baino lehenago etor daitezke?

Zuhur jokatu beharra dago. Nire ustez, asko jota, aldaketa atzera dezake. Nafarroako alderdi politiko guztiok pentsatzen dugu aldaketa berez egongo dela, kontua da noiz. UPNk eta PSNk nahi dute aurreko statu quo-ari eutsi, eta aldaketa nola atzeratu dago euren kalkuluetan, baina aldaketa geldiezina da.

Eta zer azterketa egiten duzu Barcinari buruz?

Barcinak higadura handia jasan du. Ataka larrian dago, gizartean eta alderdi barruan. Egia da egokitu zaiola krisi ekonomikoarekin jardutea, baina baita ereduaren krisiarekin ere. Urte luzeetan Nafarroan gauzak era batera egiten ziren, eta kito. Eredu horrek krak egin du, eta horrek pitzadura txikiagoak eragin ditu, baita alderdi barruan ere. Adabakiak jarri nahi dituzte, baina aldaketa egon badago. Pentsatzen baduzu Iruñeko udaleko praktikekin jardutea, gaur egun ez du funtzionatuko.

Duela 75 egun abiatu zenuten Aldaketa Euria egitasmoa. Zertan datza?

Eskatu ziguten Nafarroako egoeraren inguruan diagnostiko bat egiteko arloka: osasuna, hezkuntza... Arloka antolatu ginen 77 pertsona inguru. Hasieran, elkartu gintuztenean esan ziguten: auskalo zer aterako den, ziurrenik ez da dena biribil aterako baina gauzak desberdin egiteko asmoa dugu. Hilabetetik gora eman dugu oinarrizko diagnostiko bat egiteko. Argazki orokor bat da. Orain lan hori gizartearekin eta eragileekin partekatzen ari gara.

EH Bilduren egitasmoa da. Nortzuk parte hartu duzue: alderdietako jendea?

Inguruko jendea. Diagnostikoa egin duen jende gehiena ez da berez EH Bilduko militantea. Arloka antolatutako jendea gara.

Norengana heldu nahi duzue?

Anbiziotsua da. Heldu nahi genuke gizarte guztira. Lehen urratsa izan zen eragile antolatuengana iristea. Duela hiru aste lehen saioa egin genuen, eta sektore bakoitzari esan zitzaion bere gaiari lotutako azterketa egiteko. Interesgarri izan daitezkeen 400dik gora eragile gonbidatu ditugu, eta orain saiatu gara gizabanakoengana ere heltzen. Hor dator [gaurko] egitasmoa. Milatik gora gizabanakori diagnosia heldu zaio.

Zer ondorio nagusi atera dituzue?

Leku gehienetan bi kontu nahasten ziren. Krisi ekonomikoak eragiten die sektore gehienei, bai, baina ereduren krisia ere nabari da. Jada hainbat kontutan ez dago aurrera egiterik. Erdi amildegi insitutzional batean gaude. Sumatzen da sektore gehienetan gogoa dagoela gauzak ezberdin egiteko. Jendeak ikusten du eredua amaituta dagoela eta ez dagoela ezer egiterik gobernuarekin. Eskertzen ziguten eurekin bildu izana eta interesa agertu izana euren proposamenak geureganatzeko. «Ea zerbait egiten duzuen», esaten digute.

Diagnostiko amankomun bat lortzeko aukerarik ba al dago?

Oinarri batzuk jartzeko aukera badago. Politika egiteko modu hori oso inportantea da, eta horrek berez herrialde honi onurak ekar diezazkioke.

Helburua da hauteskunde programa ateratzea?

EH Bildu koalizio bat da. Eskaera eta proposamen horiek hauteskunde programa batean biltzea zaila izango da, sektore bakoitzak esango duelako berea inportantea dela. EH Bildu saiatuko da lehentasunak mailakatzen. Jakina, egin dugun ahalegin guztia espero dugu kontuan hartua izatea.

Zure ustez, EH Bilduk zer egin behar du alternatiba sendoa eraikitzerako: gai jakinetan marra gorriak ezarri ala malgutasunez jokatu?

Diagnostiko partekatu bat egiten bada eta gizarteak nahi dituen aldaketak interpretatzen eta barneratzen jakiten badugu, badugu eztabaidarako oinarri ahaltsu bat. Gezurra dirudi, baina zerbait edukitzea eztabaidatzeko garrantzitsua izan liteke. Hori litzateke ekarpen garrantsitsuena. Bestalde, marra gorri batzuk ezarri beharko dira: euskaran, ekonomiaren arloan, erabaki eskubidearen arloan... Hori izango da gogor negoziatu beharko dena. Politika hain debaluatua dagoen honetan, elkarrizketa abiatzeko berme handi bat izango da.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.