Attachments:
Download this file (Lehen faseko txostena.pdf)Lehen faseko txostena [ ] 3364 kB

Hilabete inguru igaro da etorkizuneko Nafarroaz eztabaidatzeko Artikan partehartze handiko jardunaldiak antolatu genituenetik. Azken hilabeteotan, herritarrengana eta denetariko gizarte eragileengana hurbildu gara. Lehen faseko diagnostikoa amaitu ostean, lan fase berri bati hasiera emateko konpromisoa hartu genuen guztien aurrean. Behin Nafarroaren arazoak, gabeziak eta hutsuneak identifikatuta, konponbiderako proposamenak garatu, eztabaidatu eta adosteko fasea.

Lehen fasean osatu dugun diagnostikoa egungo krudelkeriaren isla da. Ia 60.000 lagun daude langabezian, Bardeak bonbardatzeko milaka euro erabiltzen diren bitartean; goi karguen dietetara funts-desbideratzeak, hospitaleetan gaixoei plastikozko jakiak ematen zaizkien bitartean; zerbitzu publikoen pribatizazioa, bizkarzain eta gehiegizko militarizazioan alferreko gastua mantentzen den bitartean; Madrilen etengabeko eskuhartzea lege-dekretu bidez, Nafarroako Gobernuak herritarren gehiengoaren borondateari entzungor egiten dion bitartean... Guzti hori eta gehiago bildu dugu lehen fasean zehar jaso ditugun eta, gaur aurkezten ditugun, ekarpen bidez. Horietako bakoitza eskuetan duzuen liburukian jaso dugu eta, hasierako diagnostikoaren zirriborroarekin batera, ezinbesteko oinarri dokumentala osatu dugu gaur hasten dugun fase berrirako.

Lehen fase horretan, 400 eragilerekin izan dugu harremana, 100 eragileren parte hartze zuzenarekin. Hain zuzen ere, 97 pertsonek osatu dute talde eragilea. Horretaz gain, 1.000 herritar baino gehiagok hartu dute parte ekimenean. Urtarrilak 19ko aurkezpenean, 55 eragile izan ziren eta. Artikako jardunaldietan 160 pertsona bildu ziren, eragile zein norbanakoak. Eta zifra hauek gorantz doaz. Gero eta herritar eta eragile gehiago dira ekimenarekiko interesa erakutsi dutenak eta, hurrengo asteetan, guztiekin izango ditugu harremanak berriro ere.

Gaurtik aurrera, EH Bilduk lan fase berri bat hasten duela helarazi nahi diogu nafarroako iritzi publikoari. Fase honetan, interesatuta dauden herritar guztiekin partekatu nahi dugu gure ikuspegia. Izan ere, ikasi dugu akordio zabalak lortuz benetako ziklo aldaketari heldu dakiokeela. Bizi dugun egoera latzak konponbidea dauka, gure bizitzan eragiten duten alderdietako bakoitzean dago konponbidea.

Jarduteko eredu berri bat eraiki eta zabaldu nahi dugu eta, horregatik, proposamen dokumentu bat osatzea ez zaigu nahikoa iruditzen. Gaur lan prozesu partehartzaile eta ireki bati ematen diogu hasiera, zeinek hainbat ikuspegi bildu nahi dituen eta oinarrizko helburu bat duen: gauzen ordena aldatzea.

Azken hamarkadetan luzatu den UPNren aroa amaierara iritsi da eta guztion eskuetan dago etorkizun desberdin bat eraikitzea. Horregatik, ezinbesteko deritzogu Nafarroako gizartearekin norabide anitzeko elkarrizketa zintzoa eraikitzea. Gutxi batzuk erabakitzen zuteneko ereduak hondoa jo du. Etorkizunean, herritarrengana zabalduko da botere gunea partehartzearen bidez.

Ildo horretan, Nafarroa aldatzeko 150 galdera biltzen dituen galdeketa aurkeztu nahi dugu publikoki. Diagnositik sortutako galderak dira, erantzun praktikoa behar dutenak. Ez dira galdera neutroak, EH Bilduk Nafarroarentzat eta Euskal Herri osoarentzat beharrezko ikusten duen eredua jasotzen dute. Modu honetan, gizarte eragileen, eragile sindikalen eta herriarren partehartzea bermatu nahi dugu, bai elkarrizketarako baita gizartearen oinarri izango diren irizpide politikoak erabakitzeko ere.

Datozen asteetan, hainbat kolektiborengana zuzenduko gara, bilera diskretuetan etorkizuneko Nafarroaren oinarrien inguruan hitz egiteko. Halaber, herritarrak bigarren fase honetan parte hartzera animatu nahi ditugu eta euren esperientziak, kezkak edo proposamenak gurekin partekatzera bultzatu nahi ditugu. Gogoratu, www.aldaketaeuria.net webgunean orain arte aurkeztutako informazio guztia dagoela eskuragarri eta atariaren bidez, eztabaida irekian parte hartu daitekeela. Hain zuzen ere, lehen fasean 25 ekarpen jaso ditugu jada webgunearen bitartez.

Era berean, azaldu nahi dugu bigarren fase honetan eskualdekako lanari hasiera eman diogula, eremu bakoitzeko egoera ekonomikoa, soziala eta instituzionala hobetzeko beharrezko neurri sorta bat adosteko asmoz. Eskualde guztietan sortu ditugu lan taldeak, Nafarroa osoko ekimen politiko orokorraren lagungarri gisa. Eskualdekako lantaldeen bidez, eremu bakoitzeko errealitate espezifikoari aurre egitea da helburua. Erriberatik hasi eta Baztanaldera iritsiz, Estellerritik Pirineoetara. Konponbidea ardatz duen eztabaida irekiko dugu. Berehalakoan hartu behar diren neurrien inguruko analisi sakona bultzatu.

Borondatezko lan guzti hori uda aurretik amaitzea da helburua, akordio zabal, zehatz eta ausart bat lortutta. Irizpide ezkertiar, progresista eta abertzaleen gaineko gehiengo social zabala lortzea du xede EH Bilduk.

Datozen asteotan, ekimen berriak aurkeztuko ditugu, ernaltzen ari den gehiengo hori sendotu eta indartzera bideratuak.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.