Nafarroak pairatzen duen egoera sozial eta politiko larriaren aurrean (murrizketa sozial bortitzak, langabezi tasaren gorakada izugarria, ustelkeria kasu larriak, CAN, ezkutuko erreskatea, instituzioen egonkortasun eza, Gobernuaren ezintasun nabaria krisiari aurre egiteko, eta abar luzea) EHBilduk erabaki du zentsura mozioa aurkeztea Nafarroako Parlamentuan apirilaren 5ean, hauteskundeak deitu eta, horrela, herritarrei hitza emateko helburuarekin.

 

Ardura honi heldu diogu parlamentuko bigarren indar politikoa garen heinean. Azken asteotan saiakera ezberdinak egin ditugu oposizioko beste indar politiko batzuekin aukera hau denon artean garatzeko. Baina, ikusirik mugitzeko eta arriskuak hartzeko dauden zalantzak, aurrera egitea erabaki dugu. Izan ere, Nafarroako gizarteak etengabe galdegiten du ustelkeriari aurre egitea eta hauteskundeak deitzea.

Hau gure erabakia izanik, zentsura mozioa era adostu batez planteatzearen aukerari irekita gaude guztiz. Areago, gure asmoa eta nahia iniziatiba politiko-instituzional hau ahalik eta esparru zabalenarekin adostea da. Kanpoko esku-hartzerik gabe eta inolako beto edo esklusiorik gabeko adostasunetara iristea hain zuzen ere. Horretarako, denbora eta aukera nahikoa dago oraindik borondate politikoa baldin badago. Beste indar politikoei esan genien bezala, forma eta hautagaia adosteko prest gaude.

Izan ere, zentsura mozioa iniziatiba politiko-instituzionaletik haratago doan zerbait dela uste dugu, gehiengo sozial eta politiko berriak osatze bidean urrats berri bat izango litzateke. Azken finean, Nafar gizartearentzat hain kaltegarri izan den azken urteotako politika ereduarekiko, alternatiba osatzeko urratsa izango litzateke.

Zentsura mozioaren zergatiak eta helburuak

UPNren politikek eta kudeaketa kaxkarrak ekarri dituzten murrizketa sozialei eta egoera ekonomiko eta sozial larriari aurre egiteko beharra eta urgentzia. Nafarroako egoerak urgentziazko aldaketa eskatzen du eta horixe da gure konpromisoa. Behar beharrezkoa da urgentziazko neurriak hartzea izandako murrizketa sozialek eragindako kalte larriak konpontzeko. Berebizikoa da zerbitzu publikoak bultzatzea, kalitatezkoak, unibertsalak eta solidarioak. Lehentasunezkoa dugu hezkuntza eta osasungintza publikoak, doakoak eta kalitatezkoak bermatzea. Premiazkoa da erabaki zehatzak hartzea enplegua sortu eta ekonomia berpizteko.

Sistemaren ustelkeriari irmotasunez aurre egiteko beharra dago, gardentasuna eta hiritarren parte hartzearen aldeko apustu argia eginez. Ustelkeriaren aurrean neurri zehatz eta zorrotzak hartu behar direlako, ardura penal eta politikoak exijitzeko konpromisoa hartu behar delako. Zentzu honetan, CAN auzia esanguratsua da oso, eta berriro ere eskatzen dugu ikerketa batzordea osatzea Nafarroako Parlamentuan.

Instituzio nagusien kudeaketan, botere guneetan dauden politikarien azken kezka da herritarren interesak defenditzea. Nafarroa atera behar dugu eredu horrekiko menpekotasunetik.

Hauteskundeak deitzea. Ekimen honen helburu nagusia herritarrei hitza ematea da, horretarako hauteskundeak deituz.

EHBilduk Nafarroako gizartearen aniztasun kultural, identitarioa, ideologikoa eta abarrekoa errespetatuko duen aldaketa baten aldeko apustua egiten du. Zentzu horretan, hauteskundeak pasa eta gero ere betorik eta esklusiorik gabeko gehiengo sozial eta politiko berriak adosteko konpromisoa hartzen du eta dei egiten du nafar gizartea norabide horretan aritzera.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.