Atzo Nafarroako parlamentuan EH Bilduk aurkeztutako zentsura mozioaren inguruan egindako eztabaidaren balorazioa egin dute gaur koalizioaren ordezkariek.



 

 

1.- Eskerrik beroenak: Gizarteari, mozioa babestu duten taldeei eta hautagaiari

Nafarroako herritarren gehiengoaren aldaketaren aldeko aldarriari ahotsa emateagatik.

Inoiz baino ageriago utzi dutelako Nafarroako gizarteak eskatzen duen aldaketa beharrezkoa eta premiazkoa izatez gain, posible ere badela.

Aldaketa posible dela ikusi da, aldaketa eraiki daitekeela Nafarroan

2.- Zentsura mozioa, aurrera pauso oso garrantzitsua da Nafarroan aldaketaren aldeko gehiengoak eraikitzeko bidean.

Zentsura mozioak gizartearen jaso duen babes zabalak eta parlamentuan jaso dituen aldeko 18 botoek, argi adierazten dute Nafarroan aldaketa politikoa abian dela jada eta geldiezina izango dela.

Badago alternatiba, noski badagoela. Badaude beste modu batean gobernatzeko ideiak, badaude Nafarroak dituen arazo larriei konponbidea emateko proposamenak, eta bereziki, Nafarroan badaude nahikoa baldintza gizartearen eskari eta beharren araberako politika eredu baten alde adostasun zabalak eraikitzeko.

3-. UPN inoiz baino isolatuagoa dago, UPNren bozeramaleak berak ere ez zuen Barcinaren gobernua defendatu.

Ideia eta ekimen gabeko gobernua da, atzo agerian geratu zenez. UPNk ez zuen bere gobernuaren lana defendatu eta aldiz, proposatutako neurriak eztabaidatu beharrean eraso merke eta huskeriatan galdu zuen denbora.

UPNren bozeramaleak ez zuen aipatu ere egin bere alderdiko hiru buruzagi ustelkeriagatik inputatuta daudela, Amnesia ote?

4.- PSNri kritika: Barcina gaur Nafarroako presidentea da PSNk horrela nahi izan duelako.

PSNk ez du gizartea entzun nahi izan, ezta bere militanteen eskaria ere; zeintzuek aldaketaren aldeko jarrera positiboa izatea galdegiten dioten.

Inork ez du PSNren jarrera ulertzen. Zergatik Barcinaren dimisioaren alde agertu ostean ahalbidetu du Barcinak boterean jarraitzea? PSNren jarrera arduragabeak Barcinaren politiken ondorioak pairatzen ari diren milaka herritarren sufrimendua areagotuko du, eta horregatik beragatik, herritarren aurrean kontu eman beharko du.

Atzo, etorkizuneko begirada berri bat behar duten milaka herritarrei, PSNk, muturren aurrean itxi zion atea aldaketa aukerari. Izan ere, inork ez du sinetsiko Nafarroan PSN aldaketara gauzatzeko benetako alternatiba bat denik.

Atzo esan genien, eta gaur errepikatzen diogu, ez da nahikoa Barcinaren dimisio eskaera soilekin. Erabakiak hartzeko ordua da, eta aldaketa politiko eta sozialaren alde egin behar da.

5.- Alderdiek eta gizarte eragileek aldaketa eraikitzeko elkarlanean jarraitu behar dugu

- Aldaketa nahi dugun indarrok ezin dugu atsedenik hartu. Frogatu dugu posible dela, Nafarroa desberdin bat eraiki daitekeela. Gehiengo berriak batuko dituen akordio sozial eta politiko zabal bat lortzeko oinarriak mahai gainean daude. Aldaketarako oinarrizko ideiak honakoak dira:

  • Ustelkeriari ez,
  • Nafar guztien eskubideak errespetatuko dituen eta erabaki guneetan herritarren partaidetza bermatuko duen demokrazia eredu berria,
  • Merkatuen eskakizunen gainetik, enplegua, zerbitzu publikoak eta eskubide sozialak bermatuko dituen politika sozioekonomiko berria.
  • Azken hilabete hauetan aurrerapausoak eman ditugu Nafarroa ezberdin bat benetako egiteko, Nafarroa ideia, kultura, ideologia, pentsamendu eta sentimendu aniztasunaren irudi da, eta hori errealitate aberasgarria da.
  • Nafarroa horri erantzun behar diogu denborarik galdu gabe, bakoitzaren jarrera ideologiko eta politikoak errespetatuz baina bide horretan aurrera egiteko akordioak bilatuz.

6-. Une honetatik hasita, EH Bildu osatzen dugunak jo ta ke lanean arituko gara gehiengo berriak eraikiko dituzten akordio horiek benetakoak izan daitezen lehenbailehen.

Beste bi urtez Barcinak eta UPNk gobernuan jarraituko duten ideiaren aurrean ez dugu etsiko. Atzo Parlamentuan aldaketaren aldeko apustu irmoa egin zuten indarrek eta kaleko gehiengo nabarmenak, oinarri sendoa eraikitzen dute gaurtik aurrera lanean hasi ahal izateko; gaur inoiz baino beharrezkoagoa eta benetakoagoa den UPNekiko alternatiba eraikitzeko. Ziur eta prest gaude arduraz, konpromisoz eta irmotasunez jokatzeko

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.