Igande honetan, apirilaren 28an, Nafarroaren Eguna ospatuko dugu Baigorrin, Baxenafarroa eta Nafarroa Garaiako hainbat elkarte eta herri mugimenduk euskal herritar guztioi egiten diguten gonbidapenari erantzunez.

Zoriontzekoa da zinez urtero urtero ehundaka herri militanteek egiten duten lana inposaturiko mugaren gainetik bizirik dagoen herri bat elkartzeko.

Nafarroaren Eguna antolatzen duten herri eragileek "elkar" hitzarekin jokatzea proposatzen digute. Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko engaiamendua hartua dugun mugimendu politikoetako ordezkari garenok gure ekarpena egin nahi diogu bi Nafarroetatik Euskal Herri osora zabaltzen den egun handi honi.

Une historiko berezia bizi du gure herriak. Izaera sistemikoa duen krisia gogor kolpatzen ari da euskal nazioa osatzen duten lurralde guzietako herritarrengan. Langabezia, pobrezia, herrigune eta bailaren hustutzea, ehun ekonomikoaren eraispena, zerbitzu publikoen murrizketak....muga guztiak gaindituz orokortzen ari den errealitate lazgarri baten adierazleak dira gurean. Ez hori bakarrik, ditugun arazo guztien artean arazo larriena da Herri gisa ez daukagula tresnarik egiturazkoa den krisi honek aurrez aurre jarri digun erronkari erantzuteko.

Horregatik du izugarrizko balioa gaur egun ELKAR hitzak. Soilik euskal jendarte osoaren indarrak bildu eta antolatzen asmatzen badugu eginen dugu aurrera. Elkarrekin hausnartu etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, hori da ibili behar dugun bidea herri gisa bizirautea nahi badugu. Badugu jendea eta baditugu bitartekoak gure bizimodu askea antolatzeko. Botere politikoa da eskuratu behar duguna gure etorkizuna gure herriaren nahierara erabaki ahal izateko.

Baxe Nafarroa eta Nafarroa Garaia elkartuz Euskal Herriaren eraikuntza nazionalerako aukera berriak sortzea izan da beti Nafarroaren Eguna egin dutenen asmoa. Anitz arrazoi ditugu elkartzeko. Partekatzen ditugu hizkuntza eta kultura, partekatzen ditugu pentzeak, mendiak eta natur baliabideak. Baina bereziki partekatzen duguna dira ametsak, herritar guztiontzako hobea izango den etorkizuna eraikitzeko dugun borondate irmoa.

Ukatua dago gure herria. Mespretxuz tratatzen gaituzte Paris eta Madrileko agintariak. Aniztasunaren izenean herri eskubideak bortxatzen dizkigutenak ez dute ikusi nahi Bidaxunetik Kortesera zabaltzen den Nafarroa hiru hizkuntzetan mintzatzen dela, euskara izanik lurralde osoan herritarrek berezkotzat hartzen duten hizkuntza bakarra. Ez dizkigute aitortu nahi herritarren gehiengoak aldarrikatzen dituen eskubideak. Gatazka politikoaren konponbiderako ez dute urratsik egin nahi, ehundaka euskal etxeetan bizi den sofrikarioa mugarik gabe luzatzeko apostua eginez. Ez dute ere gure herriak bere burua egituratzeko duen eskubidea aitortu nahi. Lurralde elkargoaren aldeko eskakizunari erantzun baikorrik eman gabe segitzen du Parisek. Espainiarrek, aldiz, nafarroi eragozten digute gainontzeko euskal herritarrekin harremanak antolatzeko ahalmena ukaitea. Hori gutxi balitz, ustelkeriak jota dagoen klase politiko baten demasiak pairatu behar ditugu, Nafarroari izena eta izana ematen dioten nortasun ikurrak zapaltzen dizkiguten bitartean.

Alta, ernatzen ari da nafartarron askatasunerako grina. Ez gara jaioak ez gatazka eta ez ukazioaren zuloetan iltzatuak geratzeko. Oraindik hurbil sentitzen ditugu konkistaren 500. urtemugaren kari milaka eta milaka nafarrek kaleetan oihukatu genuen Nafarroa Bizirik!! deiadarra. Ez zen atzera begira nostalgiak itota ixiltzeko aireratu zen oihua. Etorkizun askea irabazteko indarra adierazi nahi zuen garraixia izan zen.

Elkarrekin irabazi nahi dugu etorkizuna. Langile eta laborariekin, gazte eta adinekoekin, gizon eta emazteekin. Modu berezian krisi anker honen ondorioz langabezia, deserriratzea edota pobreziaren mina sufritzen ari diren herritarrekin. Elkarrekin eraiki nahi dugu gure herria, hobeki bizitzeko, gure baliabideak eraginkorki kudeatuz ondasunak modu orekatuagoan banatzeko. Izan dadila aurten ere Nafarroaren Eguna elkarren arteko loturak trinkotzeko parada.

Iruñean, 2013ko apirilaren 24an
sortu, eusko aldartasuna, aralar, alternatiba, abertzaleen batasuna

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.