Gamazada gertatu zenetik 120 urte igaro diren honetan, Euskal Herria Bilduk ekitaldia egin du Iruñean, burujabetza eskatu eta greba orokorra aldarri horretan jartzeko. Maiorga Ramirezek gazteleraz eta Maite Iturrek euskaraz egin dute balorazio politikoa. Bestalde, Joseba Asiron historialariak Gamazadaren nondik-norakoak azaldu ditu eta Fermin Balentziak Monteagudoren koplak eta 'Navarra tiene cadenas' kanta abestu ditu. Hauxe izan da emandako mezua:

Ekitaldian zehar nabarmendu dugun modura, 120 urte pasa dira Euskal herria, nafar herria kalera atera zela, bere eskumen eta eskubideak defendatzera.

120 urte pasa dira Madrilek, herri honi bere subiranotasuna ukatzeko ahalegina egin zuenetik. Eta 120 urte hauetan ez da jarrera aldaketarik gertatu, Madrilek bere horretan dirau. Espainiar estatuak aniztasunaren etsaia jarraitzen du izaten eta nafarron ekonomiarentzat zulo ilun eta ustela da gaur egun ere. Langabezia tasa izugarria, administrazioaren zorpetzea, murrizketa bortitzak, pobreziaren igoera kezkagarria, gazteen egoera latza, kaleratzeen arazo larria, ustelkeria kasu eskandalagarriak... Horiek dira Madrildik inposatutako eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren porrotaren adierazle nagusiak.

Espainia Nafarroaren nortasun historikoaren azken aztarnak ezabatzean tematu da, herritarron arazoei aurre egiteko ezinbestekoa den subiranotasuna desagertaraziz. Nafarrok, ordea, gero eta argiago dugu, gure subiranotasuna aldarrikatzea eta herri mugimendu bateratzaileak bultzatzea ezinbestekoa dela egoera irauli eta guztion eskubideak bermatu eta babestuko dituen eredu berria eraikitzeko.

Nafar aberriaren sentimendua agerian gelditu zen orain 120 urte, eta tarte horretan sentimendua ez da agortu. Madrilen gogokoa izan ala ez, hemen ginen, hemen gaude, eta hemen egongo gara, gure subiranotasuna defendatzen, gure eskubideen alde borrokatzen.

Gaur egun, nafarrok argi dugu subiranotasuna nahi dugula, behar dugula, gure bizimodua antolatzeko, gure lurrak antolatzeko, eredu sozial eta ekonomiko berria eraikitzeko; enplegu duina eta herritar guztien gizarte eskubideak bermatu eta babestuko dituena.

Eta orain, duela 120 urte bezala, lortuko dugula esango diegu, Nafar parlamentutik, Iruñeako Udaletik, eta Nafarroa zabaleko txoko eta bazter guztietatik. Atera gaitezen kalera, esan dezagun ozenki, nafarrak nafar garela, ez gaudela inoren menpe, eta aurrera egiteko Euskal Herriko lurrak lagun nahi ditugula, eta ez Madrilgo inposizio eta erasoak.

1893an altxatu ginen eta etzi ere altxatuko gara. Entzun dezatela Madrilen zein den gure nahia, eredu ekonomiko eta sozial berri eta propio bat eraikitzeko nahia. Jakin dezatela tinko eutsiko diegula, eta greba egunean ere hor izango gaituztela, kalean, gure eskubideen eta gure nortasunaren defentsan.

Gora euskal langileria!
Gora Nafarroa!

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.