Azken egun hauetan Nafarroako Abiadura Handiko Trenari buruzko kontraesanez beteriko adierazpen eta iritzi ugari entzun dugu. Nafarroa eta Madrilgo gobernuek gai honetan izan duten jarrera zerbaitegatik nabarmendu bada, seriotasun eta zehaztasun ezagatik izan da. Pertsonen eta merkantzien garraiorako alternatibak bilatzeko azterketa eta eztabaidaren gainetik, abiadura handiko trena eraikiko dutenen interes ekonomikoak lehenetsi dituzte bi gobernuek.

Nafarroa eta Madrilgo gobernuen arteko hitzarmen berri baten beharraz hitz egin dute batzuek eta besteek. Hitzarmen hori ez dute Nafarroako gizartearen gehiengoaren interes eta beharrizanei erantzuteko planteatu, enpresa eraikitzaile edo konstruktora handien, hau da, gutxi batzuen mesederako baizik.

 

Nafarroako Gobernuak onartu du Abiadura Handiko Trenaren lanak gauzatzeko bere ezintasuna. Iruñea eta Castejon lotzen dituen zatia soilik egitea aurre ikusten dute eta beraz, zati hori loturarik gabeko uharte modukoa izango da. Hala ere, proiektua bertan behera utzi beharrean, ehunka mila euro xahutzen jarraitu dute ingurumenean kalte larriak eraginez.

Are gehiago. Tren garraioaren ikuspuntutik Nafarroaren beharrizanak kontuan hartu gabe estatuak gutxi batzuen kapritxoa ordaintzen jarrai dezan nahi dute. Abiadura handi, garesti eta xahutzailea babesten dute. Hurbileko tren zerbitzuak aldiz, murriztu.

Bien bitartean inoiz ezagutu gabeko gizarte murrizketak egiten ditu UPNren gobernuak. Osasungintza zein hezkuntzan inbertsioak gutxitu, alor publikoko langile kopurua murriztu, zerbitzuak pribatizatu... eta hala ere, batzuek AHTrekin tematurik segitzen dute.

Eta bien bitartean erizainak, irakasleak eta langileak kaleratzen ari dira. Lan bila atzerrira kondenatzen dituzte gazteak. Eta hala ere, Nafarroako eta Madrilgo gobernuek, PSNren laguntzarekin noski, herritar guztion dirua xahutzen jarraitu nahi dute. Eta hau guztia kapritxo bat asetzeagatik.

Abiadura Handiko Trena UPNren xahutze politikaren beste adibide bat besterik ez da. Dirudienez UPNk ez du ezertarako balio ez duten obra handiek Nafarroari eragin dioten kalteen ondorioez ikasi.

"Burugogorkeria" honen aurka egoteko arrazoi ugari dago; gastu itzela delako, ingurumenari kalte handiak eragiten dizkiolako, Nafarroa erdialdeko ekonomian ondorio larriak izango dituelako eta ez duelako inolako errentagarritasun sozialik ekarriko. Eta batez ere, ez delako Nafarroako gizartearen lehentasun bat.

Gure ustez une honetan AHTren lanak geldi araztean datza mahai gainera jarri beharreko eztabaida. Eta ondoren proiektuari buruzko eztabaida publikoa sustatu behar da. Hori guztia egin ondoren eta Nafarroako beharrizan ekonomiko eta sozialak argitu ostean soilik hitz egin daiteke hitzarmen batez. Inoiz ez lehenago.

Amaiurrek ministroaren agerraldia eskatu du gaur Espainiako kongresuan. Egun hauetan udaletan zein Parlamentuan EH Bildu eta Aralar-NaBai egiten ari diren ekimen instituzionalen baitan kokatzen da ere Amaiurren ekimena.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.