Hilabete eta proposamen zirriborro askoren ondoren, ostiral honetan Madrilgo Ministroen Kontseiluak Tokiko administrazioen arrazionalizaziorako Lege Proposamena onartu du. Kutsu ideologiko sakona duen beste erreforma baten aurrean gaude berriro ere, Madrilgo gobernuak zentralizazio, pribatizazio eta herritarron eskubideekin amaitzeko duen gose ase ezinari eta botere ekonomikoei erantzuten diena.

Bere edukia oraindik gizartean asko zabaldu ez bada ere, euskal herritarron berezko eskubideak urratzera dator lege proposamen berria. Herritarron eskubide sozialak errotik urratzen dituen erreforma da. Era berean, udalerrien, kontzejuen eta kuadrilen egiturak bertan behera iraultzen ditu eta herritarrongandik hurbilen dagoen instituzioen egunerokoa goitik behera aldatu eta baldintzatuko du. Europatik datozkion agindu neoliberalei jarraikiz, hezkuntza, osasungintza eta gizarte politika eskuduntzak kendu nahi dizkie Gobernuak udalei, izaera soziala indartzen dizkietenak, alegia.



Aurreko erreforma guztietan egin bezala, Rajoyren gobernuak bilatu du astakeria hau gauzatzeko aitzakia: bitarteko ekonomikoen optimizazioa eta aurrezpena. PPk alkateen eta udaletako kargu liberatuetara desbideratu nahi izan du herritarren arreta, baina egiazko azken helburua bestelakoa da: egitura instituzional guztia gehien dutenen interesen mendera jartzea eta, era berean, boterea Madrilen zentralizatzea.

Egia da aipatutako alkate eta udaletako kargu liberatuen soldatetan urratsak eman behar direla. Euskal Herria Bildutik beti defendatu dugu gehiegizko soldatzen jeitsiera eta udal politikaren gehiegizko "profesionalizazioarekin" amaitu behar dela, udalak ezin direlako inor aberasteko edo karguan iraunkorki geratzeko eremu bilakatu. Baina lege honen benetako asmoa ez da hori. 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak erabat baldintzatzen ditu, adibidez. 5.000tik beherakoak praktikan interbenituak eta desagertzeko zorian kokatzen ditu eta, azkenik, udalerriz azpiko tokiko entitateak, kontzejuak, herriak ... desagertarazi egiten ditu.

Beste behin, Madrilen interesen neurrira egindako lege hau Hego Euskal Herriak bere egitura instituzionala eta administrazioa antolatzeko daukan eskumenen gainetik pasatzen da.

Gipuzkoan, Bizkaian, Araban zein Nafarroan tokiko entitateak eta herrialde mailako instituzioen arteko harremanak arautzen dituen ahalmen araugile berezia aipatzen badu ere, hori errespetatzeko asmoez zalantza handiak dauzkagu.

Aurrekontuaren Egonkortasunaren Legearen menpean jartzen ditu tokiko entitateak. Kontutan izan gabe orain arte izan dituzten baliabide urriak. Baina ez hori bakarrik: 2/2012 Legearen hirugarren azken xedapenenean Nafarroa eta Erkidegoari dagozkien berezko eskubideen ondorioz, Nafarroaren hitzarmen ekonomikoaren eta Erkidegoko Kontzertu Legean jasotakoaren bidez salbuespena onartzen zaiela ere ez du kontuan hartzen. Honek guztiak agerian uzten du gaur egungo markoaren mugak, gure herriaren eta herritarren eskubideak defendatzerako orduan; eta burujabetza bidean urratsak emateko herritarron eskubideak defendatu eta gauzatu ahal izateko premia era bai.

Honen guztiaren jakitun, azken hilabeteetan ekimen instituzional ugari aurkeztu eta defendatu ditugu EH Bildutik. Udalgintza eredu batekin bukatu nahi duen inposizio honen aurrean, herri harresi bat eraikitzea ezinbestekoa dela ikusten dugu. Alderdiek, sindikatuek, instituzioek, herri-eragileek eta noski, herritarrek osatuko duten harresia. Harreman ugari egin ditugu eragile guzti hauekin. Gure diagnosia konpartitu dugu eta bakoitzak bere berezitasunak izanda ere, eskuartean ditugun baliabide politiko eta sozial guztiekin lege honi aurre egin beharra dagoela ondorio oso argia izan da.

Zentzu horretan, Hego Euskal Herriko udal gehienek, Batzar Nagusiek eta Iruñea zein Gasteizko Legebiltzarrek lege hau atzera botatzeko eskatua dute jada. Era guztietako mozio eta adierazpen instituzionalak onartu dira. Guztiak helburu nagusi batekin: lege hau atzera botatzea eta gure herritarren zein instituzioen borondatea errespetatuz, inposizioa geratzea.

Tokiko Erakundeen Arrazionalizazioaren Lege proiektua deitu diotena onartua du jada Rajoyren gobernuak. Hurrengo urratsa Kongresukoa eta Senatukoa du. Hilabete gutxi batzuk iraungo du prozesu horrek, eta daukan gehiengo absolutua kontuan izanda, PPk ez du arazorik izango legea aurrera ateratzeko. Horregatik, beste behin dei zuzena egiten diegu eta eskua luzatzen diegu EH Bildutik Euskal Herriko indar politiko, sindikal zein eragile guztiei eta eremu guztietako instituzioei guztiei: elkarlanean jardunda eta herri bezala erantzun diezaiogun inposizio honi. Beharrezkoa dugu inposizio hau geratzea eta gure beharren araberako egituraketa instituzionala eraikitzea, beti ere gure herriaren eta herritarren eskubideak errespetatuz eta bermatuz. Herri akordio zabal eta anitza beharrezkoa dugu, Euskal Herria behetik gora eraikitzeko, herritarrekin batera eta justizia sozialean oinarrituta.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.