Attachments:
Download this file (dokumentua_EUSK.pdf)dokumentua_EUSK.pdf [ ] 670 kB

Herritarrekin eta gizarte eragileekin ideia trukaketa eta eztabaida dinamika bat burutu ostean, EH Bildun agerikoa egin zaigu Nafarroako eskuinak zuzendutako ziklo politikoa amaiera jo duela. Indar ezkertiar, progresista eta abertzaleok barneratu behar dugu UPNren kudeaketa kaskarraren ondorio lazgarriei konponbidea emateko dugun ardura. Politika egiteko modu berri baten oinarriak lantzeko ordua da.



Horregatik, gaur, EH Bilduk eztabaidara irekitako proposamena aurkezten du, Nafarroak aldarrikatutako sakoneko aldaketa prozesuari bultzada emateko baliagarri izanen dena. Proposamena lan talde batek eratu du. Lan talde horrek eragile sozial, politiko eta sindikalekin harremanetan jartzeko eta edukiak adosteko erantzukizuna izan du; badakigulako, aldaketa akordioaren eta adostasunaren bidetik bakarrik etorriko dela eta nafar gizarteko gehiengoaren iritzi eta beharretatik abiatu beharko dela.

Nafarroan aldaketa politikoa errealitate bat izan dadin konpromiso argia dugu. Txandakatzetik harago joango den aldaketa, izen eta aurpegi aldaketa huts batetik harago doana. Benetako aldaketa, integrala, politika egiteko modu berriak sortuko dituena eta egungo egoera ekonomiko, sozial eta instituzionala irauliko duena.

Ekainean publikoki aurkeztu genituen aldaketaren ardatzak, aldaketa sozial eta politikoan sakontzeko eta gizartearen aldarriari erantzuteko oinarrizko edukiak . Uste dugu hasierako proposamen hori dekalogo batekin garatu daitekeela, eta hori aurkeztera gatoz gaur. Dekalogo hau proposamen irekia da, partaidetzarako, ekarpenetarako, eztabaidarako eta adostasunetarako gonbitea da; Nafarroa osoko herritarrei eta eragile sozial eta politikoei luzatua.

Jarraian, lantzen ari garen dekalogo horren xehetasunak:

  1. Politika ekonomikoan muturreko aldaketa, hiru ardatz oinarri: Erreforma fiskal adostua, enplegu duina bermatzeko politikak eta finantza erakunde publiko baten sorrera.
  2. Kudeaketa publikoan gardentasun osoz jarduteko konpromiso irmoa, beharrezkoa den kasuetan, ardura guztiak aztertu eta argituz. Horretarako, beharrezkoak dira, bereziki, Nafarroako Gobernuaren kudeaketa ez kontablearen kanpo ikuskaritza bat, Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzorde bat eta ustelkeriaren aurkako neurriak.
  3. Osasungintza publiko, unibertsal, doako, parte hartzaile eta prebentziozkoa babestu eta indartzea. Gizarte zerbitzu publiko, doako eta unibertsalen alde jardutea, egungo desberdintasun sozialak gainditzekoa xedez. Eta etxebizitza duina bat izateko eskubidea bermatzea.
  4. Lurraldearen antolaketa berri bat garatu, udal autonomia errespetatuko duena eta udal autonomia Nafarroako jardun politikoaren eragile gisa bultzatuko duena; udal politikan, azpiegitura erraldoien inguruan, politika ekonomikoan eta politika orokorreko erabakietan parte hartzeko tresnak landuz. Horretarako, ezinbestekoa da eskumenak eta tokiko erakundeen finantziazioa erregularizatzea.
    Era berean, azpiegitura erraldoiak gelditzea beharrezkoa da, eta ingurunea babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko neurriak hartzea.
  5. Euskara errespetatu eta bultzatzea, nafar guztion hizkuntza gisa eta gizarteak eginiko eskariak kontutan hartuz: ofizialtasunaren eta normalizazio linguistikoaren aldeko bideari ekitea. Horretarako, Europako hainbat eremutatik eta hizkuntza eskubidea bermatzeko helburuz helarazitako gomendioak bete beharko dira.
  6. Hezkuntzaren izaera estrategikoaren aitorpena, akordio zabalak bilatuz, hezkuntza komunitatearekin batera lan eginez eta irakasleen eta ikasleen beharrak bermatuz, baita hezkuntza maila guztietan euren egonkortasuna bermatuz ere.
  7. Gizarteari beharrezko baliabideak eman emakume eta gizonen arteko berdintasuna egi bihurtuko duen eredu baterantz aurrera egiteko. Politika publikoen diseinuan emakumeen partaidetza anitza sustatu.
  8. Nafarroaren eskumenen defentsa irmoa, kanpo esku-hartzerik gabeko jardun politikoa bermatuz eta Nafarroako sentsibilitate ezberdinen, identitate aniztasunaren eta errealitate pluralaren erabateko errespetua mantenduz. Nafarroak EAEarekin, Ipar Euskal Herriarekin eta Estatuarekin izan beharko lituzkeen harremanak aztertu eta hausnartu.
  9. Nafarroako instituzio eta estamentu publikoen demokratizazioa. Sistema parte hartzaile bat lotzeko beharrezkoak diren erreformak onartu, herritarrei eta egile sozial, kultural, ekonomiko, politiko eta linguistiko ugariei hitza emanen diena euren egunerokoan eragiten duten gaien inguruan.
  10. Nafarroak bakerako eta normalizazio politikorako prozesuaren barruan zati aktibo izan behar du, egindako bidearen gainean, eta bereziki, egiteke dagoen bide luzearen inguruan, bere ikuspegia gehituz.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.