Ekimenaren helburu bakarra lehenbailehen hauteskundeak deitzea da.

Nafarroako egoerari buruzko eztabaidan nabarmen gelditu zen berriro ere Nafarroako Gobernuaren gutxiengoan dagoela, ideiarik gabe eta gutxieneko diskurtso koherente bat eraikitzeko gaitasunik gabe. Nafarroako gizarteak dituen arazo askotarikoei konponbide bakar bat eskaintzeko gaitasunik gabe.



Horrela, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko Presidenteak, gobernu taldeak bezala, burbuila batean sartuta jarraitzen du, Nafarroan bizi dugun egoera lazgarriaz jabetu nahi gabe.

Egoera horren aurrean, Parlamentuak bost aldiz eskatu zuen iragan astean Parlamentua desegin eta modu urgentean hauteskundeak deitzeko. UPNren Gobernuaren erantzuna boterera lotzea izan da, modu arduragabean eta Parlamentuko ebazpenei eta sakoneko aldaketa bat exijitzen duen gizartearen eskariari entzungor eginez.

Barcinak gobernua desegin eta hauteskundeak deitzeari emandako ezezko borobilak, Parlamentuaren eta gizartearen borondatearen gainetik, irtenbide bakarra uzten du bozen bidez herritarrei hitza itzuli ahal izateko: zentsura mozioa.

Aurretik esan bezala, oposizioko indarren artean beharrezko zubiak eraikitzearen beharra nabarmendu nahi dugu, hauteskundeen eskaria mozio zentsura baten bidez gauzatu dadin, hala UPNren gobernuaren politikei amaiera eman eta hitza nafar gizartearen ahotan jarriz. Oposizioa osatzen dugun indar ezkertiar eta progresista guztion ardura da hitzetatik ekintzetara igarotzea. Horretarako interes alderdikoi eta oportunistak baztertu eta elkarrizketa prozesu integratzaile baten eta adostasunaren alde egin behar da modu irmoan, ahotsa herriari emateko helburuz.

Gaur, modu publikoan, PSN, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai taldeei, EHBilduren prestutasuna helarazi nahi diegu zentsura mozio bat adostu eta aurkezteko, baita hori babestuko duen hautagaia adosteko ere, beti, legeak ezarritako gutxieneko epean hauteskundeak deitzeko asmo bakarrarekin.

Oposizioko indar guztien artean desberdintasun programatiko eta ideologiko ugari izan ditzakegu, baina egun Nafarroak bizi duen krisi instituzional, ekonomiko eta politikoak arduraz jokatzera behartzen gaitu. Nafarroako herritarrak ezin dugu jarraitu UPNren Gobernuak gizartearen arazoei irtenbidea emateko dun gaitasun ezaren ondorioak pairatzen.

Iruñean, 2013ko urriaren 9an

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.