Euskal Hezkuntza sistema propioaren bidean elkarlana da giltza

Ikastolak frankismo gordinenean sortu ziren, desobedientzia eta autogestio ekintza zoragarri batean. Gaur egun ere askatasun ikur ditugu, basamorturik handienean ere euskararen eta euskal hezkuntzaren bandera astintzen duen itsasontzia izaten jarraitzen baitute.

Euskal Herriak, egun, ez du Hezkuntza Sistema Propiorik eta urteak, mendeak, daramatza frantziar zein espainiar inposizioak pairatzen. Hori gutxi balitz, Estatu Espainiarrak bizi duen egiturazko krisi ekonomiko, politiko eta sozial larria medio, Espainiar Estatuak bere buruaren berrantolaketari ekin dio. Horretarako:

  • Batetik sektore publikoaren desmantelazio eta pribatizazioari ekin dio
  • Eta bestetik oldarraldi identitario espainolistari heldu eta estatuaren berzentralizazio prozesu batean murgildu da.

Testuinguru horretan eta ildo beretik, PPren gobernua inposizio berri batekin datorkigu, LOMCE. Estatu eredu neoliberala eta identitate espainola ezartzeko tresna bilakatu nahi du hezkuntza lege berri honekin.

Horregatik uste dugu ikastolek oro har, eta Tuterako Argia Ikastolak zehazki, egiten duen lana ezinbestekoa dela gure hezkuntza sistema propioaren bidean.

Ikastolek beren historia luzean eman diguten ereduari jarraiki, bada garaia herri gisa inposizioak eta sasi irtenbideak gainditu eta Euskal Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeari ekiteko.

Herriz herri, ikastetxez ikastetxe, fakultatez fakultate geurea dena eskuratzeko unea heldu zaigu; hezkuntzatik ere euskal bidea eginez, burujabetza eskuratzeko unea.

Bide horretan txalotzekoa da Euskal Herriko hezkuntza eragile ezberdinek lortutako adostasun zabala eta LOMCE-ri aurre eginez Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko hartutako konpromisoa. Zatiketak gainditu eta herri gisa gure bidea egiteko determinazio osoa du EH Bilduk ere; kanpo injerentziarik gabe guk geuk erabaki eta eraiki dezagun nahi eta behar dugun hezkuntza eredua.

Eta noski igande honetan Tuteran izango gara, euskararen eta euskal hezkuntzaren aldeko festa erraldoia den Nafarroa Oinezen.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.