2012ko udaberrian Nafarroako toki-administrazioren antolaketaren balizko erreformaz hitz egiten hasi zen. Nafarroako Gobernuak, ondoren, "Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Lege Proiektua" aurkeztu eta tramitatzea onartu zuen. PSNk, bere aldetik, "Toki Administrazioa berrantolatzeko, sinplifikatzeko, modernizatzeko eta demokratizatzeko Foru Legerako Proposamena" aurkeztu zuen, eta hori ere tramitatzea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. EHBilduk ere, bere talde parlamentarien bitartez, baztertua izan zen osoko emendakina aurkeztu zuen, baita emendakin partzialak ere.

Nafarroako Parlamentuan, beraz, Nafarroako toki-erakundeen antolaketarekin lotutako bi lege tramitatzen ari ziren eta, horren aurrean, parlamentuan ponentzia bat eratzea erabaki zen, zein ondorioetara iritsiko den oso ongi ez dakigun arren.

Testuinguru horretan Partido Popularraren Gobernuak, estatu mailan, "Proyecto de Ley de Racionalización y Sostenibilidad de la Administración Local" izeneko proiektua onartu eta tramitatu zuen. Proiektu horrek udal autonomia erasotzen du zuzen-zuzenean, aurrekaririk ez duen birzentralizatzea ezarri nahi du eta gizarte eskubideetan sekulako murrizketa aurreikusten du.

Gure aurrean legegintzako ekimen ezberdinak ditugu, beraz, toki-entitateek (TTEE) ematen dituzten zerbitzuetan eragin zuzena izanen dutenak. Oso eztabaida sakona dugu hemen, eta horrek informazio argia emateko bideak eskatzen ditu, baita inplikatuta dauden alde guztiek —udalak eta kontzejuak— eta herritarrek orohar parte hartzeko baliabideak jartzea ere.

UPNren, PSNren eta PPren legegintza ekimen horiek, orohar, udal autonomiaren aurkako eta udalen nahiz kontzejuen erabakitzeko gaitasunaren aurkako beste kolpe bat ekarriko lukete. Toki entitateak eskumenik gabe utziko lituzkete eta, horiek direnez herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, TTEEk herritarrei ematen dizkieten zerbitzu asko murriztu edo desagertuko lirateke.

Jakin badakigu Nafarroako erakundeen egitura gaur egungo errealitate ekonomikora eta sozialera egokitu behar dela; hala ere, erakundeen egitura egokitzeak egitura hori indartzea bilatu behar du, eta ez desagertzea, finantziazio handiagoa eta ez mendekotasun handiagoa, eta eskumenak eta autonomia gehitu eta handitu egin behar ditu, eta ez alderantziz.

TTEEen etorkizuna eta biziraupena bera azken hamarkadetako kezkagarriena den une honetantxe, Nafarroako udal eta kontzejuen federazioaren (NUKF) Zuzendaritza Batzordeak, Lehendakaria buru duela, bere egitekoekiko utzikeria nabarmena erakutsi du berriz ere, eta ez du inolako urrats sakon eta zabalik eman gaur egungo bidegurutze honetan TTEEk eztabaidatu eta parte hartzeko tokia izan dezaten. Horren froga argia, ulertezina eta salatzeko modukoa da, hain zuzen ere, abenduaren 13an NUFKek deitutako Batzar Orokorrean ez dela sartu, eztabaidagaien artean, hain funtsezkoa den Toki Administrazioaren egituratzea, hain garrantzitsua den gaia bazter utziz eta ahaztuz.

NUFKen estatutuen arabera, beraren egitekoa dira, besteak beste, egitura politiko eta administratiboen aurrean udal autonomia defendatzea eta sustatzea, edo Toki Entitateen eta kolektibitateen interesak ordezkatzea.

Hiru lege tramitatzen ari dira —2 Nafarroan eta bat Estatuan—, eta Nafarroako Parlamentuan ponentzia bat, eta horren aurrean, parte-hartzeko eta eztabaidatzeko bideak ireki beharrean eta Nafarroako Gobernuari TTEE guztiak eztabaidara eraman ditzala eskatu beharrean, ikusten ari gara, osotara kezkaturik ikusi ere, NUKFeko arduradunak berriz ere UPNren Gobernuarekin bat egiten ari direla, UPNk ezartzen dituen irizpideen jarraitzaile huts bihurtuz, udal autonomiaren eta toki entitateen eskumenen defentsan ezinbesteko eragile izan beharrean, eta herritarrentzako zerbitzu publikoak bermatuko dituzten politikak garatzeko behar besteko finantziazioa eskatu beharrean.

Hori guztia kontuan izanda, EHBilduk hainbat harreman izanen ditu Nafarroako 11 eskualdetan EHBilduko hautetsiei eta interesa izan lezaketen beste hainbati lege horien tramitazioaren gaurko egoeraren eta legeen edukiaren berri emateko. Ondoren beste erronda bat eginen dugu berriz, ekarpen guztiak jasotzeko eta egunez egun toki-entitateetan kudeaketan eta lanean ari diren pertsonen kezkei erantzuna emateko.

Halaber, gure ustez ezinbesteko betebeharra da herritarrei ekimen hauen funtsezko edukien inguruko argibideak ematea, baita ekimen horiek garatzeak haien udalerrietako bizitzan izan litzakeen ondorioen inguruko argibideak ematea ere. Hori dela eta, informazioa eskaintzeko ekimenak abiatuko ditugu.

Argi bezain garbi izan behar dugu, TTEEei zuzenean eragiten dien lege batek gizartearen onespena izan behar badu, lege hori ezin dela entitate horiek parte hartu gabe tramitatu, onartu eta garatu, eta udal autonomiaren printzipioaren arabera arautu behar dela TTEEen jarduteko gaitasuna murriztera joko duen edozein urrats.

Ondorioz, dei egiten diegu erakunde guztiei, baita NUKFari ere, TTEEei bereziki eta Nafarroako gizarteari dagokion eztabaida hori bultzatzeko urratsak eman ditzaten, parte-hartze zabala eta eraginkorra sortuz, eta gure erakundeen sareak gure errealitateari eta beharrei erantzun diezaiela bultzatuz, eta ez, aitzitik, sare horrek TTEEak desagertzea eta zerbitzu publikoak pribatizatzea lortu nahi duten bestelako interesei erantzutea.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.