Legealdi honetan zehar, agerian gelditu da UPN kudeatzaile ezin kaxkarragoa dela. Ustelkeria kasuak, baliabide publikoak azpiegitura erraldoietan xahutzea, neurri ekonomiko eta sozial eraginkorrik ez hartzea... Eta bestelakoek frogatu dute egungo Gobernuaren nekea eta eraginkortasunik eza. Hain zuzen ere, UPNk aspaldi utzi zion gobernatzeari, eta arduragabekeriaz eta harrokeriaz ari da jokatzen edozerren gainetik, boterean mantentzeko helburuarekin.

Baina ustel usaina urrutira iritsi da. Egunetik egunera gehiago dira Gobernuaren erresistentzia zentzugabe horren aurrean agertzen diren desadostasunak. Administrazioan gertatu diren dimisio eta kargu-uzte etengabeak bilakatu dira UPN kudeaketa okerraren adibide argiena. Gobernuak profesional eta goi karguen konfiantza galdu ditu baita nafar gizartean sinesgarritasuna eta zilegitasuna.

Nafarroako eskuinaren erregimena goitik behera dator. Bukatzera doan ziklo politiko baten aurrean gaude. Herritarrek behin eta berriz adierazi dute kudeatzeko eredu berri baten beharra, ustelkerietatik eta iluntasunetik urrun. Dudarik gabe EHBildun egungo ereduari aurre egiteko premia hori partekatzen dugu, piramidala eta hierarkizatua zen eredua gainditzeko premia.

Horregatik, gaur, Nafarroako Administrazioaren egungo egoerari buruzko txostena aurkeztu nahi dizuegu, jakinik, erakunde horrek aldaketa ekonomiko, sozial eta politikoa gauzatzeko prozesuan jokatuko duen papera oso garrantzitsua dela. Agerikoa da Administrazioa zaharkituta dagoela, modernizatzeko premia duela. EHBildun ulertzen dugu Administrazio moderno bat izatea ezinbestekoa dela Nafarroan garapen positiborako, baita sektore ekonomikoari dagokionez. Ezin dugu ahaztu, egun, sektore publikoak 24.000 langile inguru barneratzen dituela.

Hain zuzen, langile horietako askok gertutik pairatu dute UPNk Administrazioa kudeatzeko duen ezintasuna, bai sintoniak bilatzeko eta bai adituen irizpideak eta langileen ahalmena kontutan hartzeko orduan. Ondorioz, ezarritako sistema dela eta, nahigabe eta atsekabea zabalduta dago langileen artean, ez dituelako euren gaitasun eta trebetasunak kontutan hartzen.

Eta gogoeza ez da gutxiagorako. Gaur aurkezten dugun txosten honetan jasotzen den moduan, Administrazioaren egungo egoera samingarria da. Azken hamarkadetan, Exekutibotik, goi karguak eta gainsariak neurri gabe puztutzea onartu da, buruzagitzen izendapen askearen bidez. Horrela buruzagitzak konfiantzazko postu bilakatu dira, ez hain teknikoak baina ordainsari handiagoa dutenak. Urteko 55.000 euro inguru irabazten dituzten buruzagiez ari gara, nahiz eta egungo araudia betetzen ez duten. Izan ere, atal askok ez dute bulego egiturarik, ezta atal horretara atxikitako langilerik ere, buruzagia salbu. Horrela, Administrazioa kontrolatzen duen sare oso bat eraiki dute.

Egoera horretan, EHBildutik proposamen bat egin nahi dugu Administrazioko baliabideak optimizatzeko eta modu horretan eraginkortasun handiagoa lortu eta zerbitzu publikoen prestazioa hobetzeko. Hala, goi kargu profil batzuk eta dagozkien gainsariak kentzea proposatzen dugu. Zeintzuk? Azpitik bulego egiturarik ez izatean, funtziorik ez dutenak; baita arduradun nagusiaz gain beste langilerik ez duten bulego buruzagitzak ere.

Sinplifikatze honekin, disfuntzioak eta soberakinak kenduz, urteko 5 milioi euro baino gehiago aurreztuko lirateke Administrazioan. Zifra garrantzitsua oso zerbitzu publikoen hobetzean inbertitzeko. Egun oso hondatuta dauden zerbitzuak, UPNren pribatizazio eta desegitearen ondorioz, baita langileei motibazioa galarazten dien sistema nepotista baten eraginez ere.

Nabarmendu nahi dugu aurrezki iturri nagusia soberakinak kentzetik datorrela eta izendapen askearen bidez hurbileko pertsonak sartzeko xede bakarrarekin sortutako zerbitzuak kentzetik.

Gaur aurkezten dugun informea proposamen integral baten zati bat da, zeinetan Administrazioko departamendu bakoitzari buruzko garapen eta organigrama lantzen ari garen. Datozen hilabeteetan hainbat lan saio antolatu ditugu departamentu bakoitzeko langileekin proposamena partekatu, eztabaidatu eta hobetzeko. Guztion artean elkarlana bermatuko duen sistema parte hartzaile baterantz joan behar dugu.

Horretarako, nahitaezkoa da araudia aldatzea, bereziki, buruzagitzetara sartzeko baldintzak. Ulertzen dugu kargu horietarako, ezagutza teknikoez gain, adituen onespena eta taldean lan egiteko gaitasunak kontutan izan behar direla. Halaber, antolaketa berriak norabide guztietako komunikazio etengabea izan behar du oinarri, Administrazioko maila guztien artean.

Atxikitu dugun txostenean ez da ongi agertzen gure proposamenen infografia. Hona hemen:

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.