Elkarrizketa Berria egunkarian.

Zuek lortu nahi duzuen Nafarroaren aldaketa politikoari begira, PSNren oharra zer iruditu zaizu?

Anbiguoa da.

Ez du esan zentsura mozioa aurkeztuko duenik, baina baztertu ere ez du egin.

Hala da, baina konplexuz betetakoa da, Bildurekin ez dela batzartuko esanez. Nafarroako gizarteak ez du horrelako jarrerarik; irekia da, ez da baztertzailea; eta PSNk Nafarroako Parlamentuko talde bat baztertu egin du: Bildu.

Ofizialki PSNren bilera sailetik kanpo egongo zarete. Bestelako hartu-emanik izango al duzue?

Ostiralean amaitu zen Ogasuneko auziko ikerketa batzordearen jarduna, eta batzordeak iraun duen egun guztietan mintzatu gara alderdi denekin, PSNrekin barne. PSNk datorren ostegunean erabakiko du, antza, zentsura mozioa aurkeztu ala ez. Ordura artean ere gu prest gaude harekin biltzeko. Gure helburua argi eta garbi baitago: Nafarroan aldaketa izatea, instituzioek bestelako jokabidea izatea; eta horretarako, foru hauteskundeak aurreratu behar dira.

Aralar-NaBairekin bai elkartuko dela PSN. Zuek eta Aralar-NaBaik orain blokean funtzionatzen duzue, Nafarroako foru bozetara elkarrekin aurkeztuko zarete EH Bildu gisa...

Ikusten da: PSNren oharra zentzugabekeria hutsa da. Ohartu behar du Nafarroako gizarteak beste naturaltasun batekin hartzen dituela gauzak, ez duela konplexurik.

PSOEk agindu ote dio zuekin bilduko ez dela esatea?

Barcina, behintzat, Madrili begira dago, PSOEri begira, PSN baldintzatu nahian. Guk hemen behar duguna da hauteskundeak aurreratzea, eta onartezina litzateke PSOEk hori ez ahalbidetzea.

PSNk zentsura mozioan Roberto Jimenez proposatzen badu gobernuko lehendakari izateko, zer?

Hauteskundeak aurreratzeko konpromisoa badago, Bilduk babesa emango dio zentsura mozioari.

Baita Jimenez bada ere lehendakarigai?

Izenari ez diogu begiratuko. Gure lehentasuna da bozak aurreratzea. Hori ahalbidetzeko lan egingo dugu, bitarteko guztiak jarrita. Bide horretan sostengua emango diogu ekinaldi orori.

Beraz, ondorio gisa zer, zuen helburu hori gertuago al dago?

UPNren aroa amaituta dago.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.