Nafarroan hauteskundeak aurreratzeko zentsura mozioa galarazteko erabakiarekin, Alderdi Sozialistak bizkarra eman dio Nafarroako gizarteari, baita Parlamentuko gehiengoari ere, zeinek egoera honi amaiera emateko konpromiso argia hartu zuen ostiralean bertan.

Erabaki hori Nafarroatik kanpoko interesen ondotik dator. Sozialistaren interes alderdikoiei erantzuten die erabakiak eta ez ditu kontutan hartzen nafar herritarren benetako behar eta interesak, ezta Nafarroan bizi dugun salbuespen egoera politiko, sozial eta instituzionala ere.



Madrilen hartutako erabakiak, agerikoa dena baztertzen du: Nafarroaren gaineko erabakiak Nafarroan bertan hartu behar direla, nafarrok hartu behar ditugula.

Alderdi Sozialistak, euren etorkizuna erabakitzeko gaitasunik ez balute bezala erabiltzen ditu Nafarroako herritarrak. Errepikatu egingo diogu: Nafarroaren etorkizuna nafarrek erabakitzen dute. Aski da nafarren borondatea baztertzeaz.

Ulertezina da halaber azken asteotan sortu duten ziurgabetasuna. Ikuskizun lotsagarria eragin dute. Nafar herritarrei barre egin diete. Eta Ferrazek atera duen komunikatuak gainera irain egiten dio adimenari. Orain ohartu al dira Parlamentuaren eta nafar gizartearen osaketa zein den?

UPNren Gobernua mantentzeko erabakia benetan larria da. UPNren Gobernua mantentzeak Nafarroako gizartea eskuinaren politikak jasatera zigortzen du. Gizartearen gehiengoarentzat negargarriak diren politikak, herritarrak aspertuta daudelako, langabeziaz, ustelkeriaz eta irregulartasunez , eta hezkuntza, osasun eta gizarte politiketako murrizketez. UPNk Gobernuan jarraitzea ahalbidetzea, babestea, Alderdi Sozialistak egin duen bezala, arduragabetasun politiko onartezina da.

Beti ere, UPN eta Alderdi Sozialistaren gainetik, Nafarroan aldaketa martxan da jada. Herritarren nekea nabarmena da. UPN, PP eta Alderdi Sozialistaren asmoa nafarrek aldarrikatzen duten aldaketa sozial eta politikoa geldiaraztea bada, erabat okertuta daude. EHBildun argi dugu Madrilek ez duela galaraziko aldaketa errealitate izatea. Eta lanean jarraituko dugu nafarren benetako iritzia islatuko duten gehiengo politiko berriak lortzeko bidean.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.