1- NFBIk (Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua) 2014ko deialdian Tokiko Erakundeei emandako diru-laguntzak:

Joan den uztailaren 31an Politika Sozialeko Sailak iragarri zuenez, 14 udalek jasoko dute aurten diru-laguntza. Horietako 10 Berdintasun Agenteen lanpostuak sortu eta sendotzeko atalean eta lau Tokiko berdintasun planak garatzeko. Deialdiaren bi kontzeptuetara aurkeztea ez da bateragarria, bietako bat aukeratu behar da.

Emandako diru-laguntza kopuruari dagokionean, aipatu behar da jaitsiera nabarmena gertatu dela:

1. Berdintasun Teknikarien Kontratazioari dagokionean kopuru orokorra 2013an emandako 175.395 eurotik 2014an emandako 134.906 eurotara jaitsi da, %23 gutxiago, alegia.

2. Berdintasunezko Tokiko Planen jarduerak laguntzeko diru kopurua 10.000 euro igo da aurten iazkoarekiko, udal bat gehiago aurkeztu baita.

2- Legealdi osoko murrizketa zenbaki konparatuetan:

Nafarroako Gobernuak Tokiko Entitateei Berdintasunezko Politikak egiteko ematen dion diru-laguntza legealdiaren lehen urtea izan zen 2011tik 2014ko azkenekora konparaketa egiten badugu ondorio hauetara iristen gara:

Atzerapena nabaria da: 2011an 542.940 € eman ziren, 2014an 184.906 €. %66 gutxiago.

Iaz Politika Sozialetako Kontseilaria den Iñigo Alli Jaunak harro zabaldu zuen Berdintasun Agenteen sustapenerako programaren partida %11a igo zuela aurreko urtekoarekin konparatuta (2012). Datua, bistan da, partziala zen eta errealitatearen osotasuna distortsionatu nahi zuen, izan ere diru-laguntzak, oro har, progresiboki jaitsiak ziren, iaz %60an 2011rekiko eta aurten %66an. Puska txikian igotako atalaren berri emanez, berdintasunak oro har jasoko zuen jaitsiera handia estali nahi izan zuen.

3- Balorazio orokorra:

1. Nafarroan berdintasun politiken iraupena arrisku larrian dago. Alerta laranjatik, alerta gorrira iragan gara. Dagoeneko udalen batek jardunaldi osoko lanpostua jardunaldi erdiko batez ordezkatu du, beste batzuk lanpostu horren iraupena birplanteatzen ari dira eta, azkeneko batzuek mantendu egin dute, baina sekulako ahaleginaz eta beste zerbitzuetako dirua hartuta.

2. Tokiko Entitateak itotzeko politikari jarraipena ematen dio Nafarroako Gobernuak. Oraingo honetan berdintasunezko teknikariak dira, baina ezin dezakegu ahantzi aurten ere murrizketa handiak jaso dituztela Udalek Baso Lanen diru-laguntzetan, euskara sustatzekoetan, 0-3ko ikastetxeetan, udal karguen lansarietarako diru-laguntzan eta abar. Beste anitzetan bezala, kasu honetan ezin dezakegu ahantz Nafarroako Gobernuko eskuduntza bat dela berdintasun politika.

3. EH Bilduk UPNk presiditzen duen Gobernuaren politika antisoziala salatu nahi du berriz ere. Azken urteotan lortutako aurrerapenak desegiten ari da eta etorkizuna hipotekatua uzten. Laugarren urtez segituan Yolanda Barcina presidente andereak, oraingoan Iñigo Alli Kontseilariaren eskutik, mozketa selektiboen politika aplikatzen jarraitzen du. Hori da krisiari aurre egiteko ezagutzen duten estrategia bakarra.

4. Behin eta berriz zabaldu nahi duten Nafarroako berrindartze ekonomikoaren diskurtsoak ez du orain arte inolako ondoriorik izan gizarte politiketan. Berdintasun Teknikariak kontratatzeko diru-laguntzen %23ko murrizketa eta legealdian zehar Berdintasun politiketan, oro har, bilduta daramagun %66ko jaitsiera horren froga argigarriak dira. Nafarroako klase sozial behekoenak dira krisiaren ondorioak gehien sufritzen ari direnak.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.