Agerikoa da Nafarroaren erabakitze ahalmenaren inguruan eztabaida pizturik dagoela. Estatuak atzera bota dizkigu dozena bat lege, eta geure gaitasun fiskala eta zergak erabakitzeko ahalmena ere kolokan dago. Oso egoera larria, agortutako marko baten ondorio garbia. Eta oinarrian dagoena Foru Hobekuntza da, ezgai suertatu den tresna Madrilgo politikei aurre egiteko eta nafar herritarron eskubide sozial, politiko eta demokratikoak babesteko.

EHBilduk iragan uztailaren 22an Mahai eta Bozeramaile Batzorde berezia egin zedin bultzatu genuen. Bertan, geure politikak erabakitzeko gaitasunaren harira sortutako egoera larria aztertzea proposatu genuen, legeei ezarritako helegiteen ondoren, batik bat energiaren inguruko legea bertan behera utzi izanagatik. PPren kontrako boza izan arren, gainontzeko taldeok irailaren lehenengo hamabostaldian ez-ohiko osoko bilkura egitea adostu genuen. Bilkura hori, dagoeneko, irailaren 10erako aurreikusia dago.
Eta, nahiz eta UPN eta PSN autogobernuaren inguruko eztabaida hitzarmenaren negoziaziora mugatzen saiatzen ari diren, geure ustez, aztertu beharreko afera askoz ere sakonagoa eta egiturazkoa da. Burujabetzaz ari gara, Nafarroak politika propioak egiteko eskubideaz, eta nafar jendartearen erabakitze eskubideaz. Nafarroi orain dela 32 urte hitza ukatu zitzaigun, eta egun, oraindik ere, ukatu egiten zaigu. Baina akordioak, ez Ferrazekin eta ez Genovarekin, akordioak, nafar jendartearekin bilatu behar dira. Akordioak, ezarritako markoaren inguruan, geure politikak erabakitzeko gaitasunaren inguruan, eta Estatuarekin izan beharreko harremanaren inguruan.

Testuinguru honetan, atentzioa ematen dute gobernu presidente ohiek eta PSNk berak ere egindako hainbat adierazpenek. Arduragabekeria galanta erakutsi dute, porrot honetan izan duten eta daukaten erantzukizuna aintzat hartu gabe. Eta larriagoa, oraindik, Nafar Gobernuaren hipokresia, jendarteari berriz ere bizkar emanez, beren sozioekin bulego ilunetan hitzarmena negoziatzeko asmoa duen honetan.

Nafar Gobernuak ez du inongo zilegitasunik nafar herritarrak ordezkatzeko. Gobernu hau, Barcina burua, ezgai izan da jendartearen interesak eta eskubideak babesteko. Onartezina da geure erabakitze ahalmenaren defentsan pairatzen ari garen utzikeria. Gauzak argi esan behar dira: gobernu hau ia legegintzaldi osoan zehar beste aldera begira, oporretan, izan dugu. Nafar jendartea ez da gobernu honetaz fida, eta aspalditik eskatu dio dimititzeko eta hauteskundeak deitzeko.

Eta, egoera honen aurrean, argi eta garbi esan behar da UPNk ez duela gaitasunik, ez zilegitasunik, Nafarroaren eta nafar herritarron izenean deus ere negoziatzeko. Ziur gaude 2015eko maiatzeko hauteskundeetatik gobernu berri bat aterako dela, eta gobernu hori izango da jendartearekin akordioak bilatu beharko dituena. Eta, edonola, gobernu horri egokituko zaio akordio horien baitan beste ezein instituziorekin negoziatzea.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.