Gaurko agerraldi publiko honen arrazoi nagusia Nafarroako 26 alkatek Nafarroako Gobernua epaitegietara eramatea erabaki dugula adieraztea eta jakinaraztea da. Salaketaren funtsa Nafarroako administrazioko eraikin nagusienetariko bateko fatxadan, Nafarroako Jauregian hain zuzen, Franco diktadoreak 1936ko estatu kolpearen ondoren "Nafarroari" eskainitako laureada gaur egun bertan daukagula da, hau da, frankismoari goratzarre eginez oraindik orain Nafarroan ditugun adierazpen ugariren erakusle nagusi bezala; ez bakarra.

 

Azpimarragarria da laureada hau kentzeko hainbat ekimen aurkeztu eta onartu izan direla Nafarroako Parlamentuan eta UPNk ez dituela sekula ezertarako aintzat hartu. Jokaera hauek, dudarik gabe, beraien benetako izaeraren adierazle garbiak dira, frankisten oinordekoenak hain zuzen ere. Nabarmentzekoa da, izaera ideologiko edo sinbolikoez gain, frankismoaren erroan ustelkeria politikoa dela oinarri nagusiena eta, frankismoarekin inolako hausturarik eman ez zenez, Espainiar trantsizioak ustelkeria sendotu, errotu eta garbitu zuela. Horrela, ustezko trantsizio horretan botere eremu desberdinen transmisio bat eman zen eta, sinbolismo hutsen gainetik, Nafarroako Jauregian dagoen laureada hori, ustelkeria estruktural horren islada ere bada eta, azkenaldian, Erregimenaren baitan ikusten eta ezagutzen ari garen kasu guztiak horren ispilu dira.

Gauzak horrela izanik, nabarmentzekoa da Nafarroako Gobernuak edota Estatuak Nafarroan duen delegaritzak ikur zehatz batzuen inguruan aspaldi honetan hasi duen sorgin-ehiza lotsagarriaren ondorioz, dozenaka udal epaitegietara eraman dituztela behin eta berriz, aitzakia txikiena ere oinarri hartuta eta, beraien proiektu uniformea inposatzeko obsesio horrekin, arazoak ez zeuden lekuetan arazoak eraginez. Kasu guzti hauetan, Herrien eta herritarren borondatea aintzat hartu beharrean, mehatxua eta indarra erabili dute; herritarrak konbentzitzeko pertsuasio lana egin ordez, beraien ezintasunari erasoaldi politiko-judizial batekin erantzun diote. Horretarako, gainera, eskura dituzten baliabide publiko guziak jarri dituzte inolako konplexurik gabe: Guardia Zibila, Foru Polizia, Estatuko Abokatuak, administrazioko zerbitzu desberdina eta abar.

Testuinguru honetan, Ikurren Legea nahikoa ez zutela ikusirik, Nafarroako udalen finantzazioarekin zerikusi duen legea ere, Erregimenaren esanak UPNk nahi dituen bezala egiten ez dituztenei zigorra biderkatzeko erabili nahi dute, jazarpen inkisitorial absurdu batean murgilduz. Bihar bertan Nafarroako Parlamentua eztabaidatuko dira neurri horiek. Deigarria da UPN-PPk udal finantzazioaren legearen azken bi eztabaidetan zigor berriak planteatu dituztenean, ekuazio horretatik modu guztiz konszientean ikur frankistei dagozkien aldagaiak ez dituztela ezertarako kontutan hartu. Era berean, arrigarria bada ere, udalen eta udal hautetsien defentsa egin beharko lukeen erakundeak ere, NUKFek, neurri hauei babesa eskaini die eta hau irmoki salatu nahi dugu.

Kutsu guztiz sektarioa eta arbitrarioa duten UPNren eta PPren Gobernuen jarrera hauek, Ikurren Legearen aldagai batzuk bakarrik aplikatuz udal batzuen kontra jotzen duten bitartean, udalerri eta eraikin askotan dauden ikur, kale-izendegi edota izendapen frankisten inguruko inolako ekimenik ez dute gauzatzen eta horren adibide nagusia diputazioko eraikinean bertan ikus dezakegu. Ez dugu ezagutzen, adibidez, ikur frankistak edukitzeagatik Nafarroako Gobernuak edo Estatuak Nafarroan duen delegaritzak inolako administraziorik epaitegira eraman duenik. Horrela, ustez legeztatuta dagoen bandera bat jartzeagatik enegarren erasoa abiarazten duten bitartean, ez-legezkoak diren ikur faxisten kontra isiltasuna eta, kasu batzuetan, babesa ere ikus dezakegu.

Beste ikur batzuk inposatzeko edo kenduarazteko makinaria guztia berehala indarrean jartzen duten heinean, horretarako erabiltzen dituzten lege horiek, ez dituzte beraien ardurak betetzeko erabiltzen. Lege hauek beraientzat etsai politikoak direnei erasotzeko erabiltzen dituzte, hau da, legeak bete behar direnaren aitzakipean, beraien izaera erakusten duten proiektu politiko bat sendotu eta indartu nahi dute.

Aspertuta gaude ikurren inguruan UPNk eta PPk behin eta berriz erabiltzen duten joko bikoitzarekin, non beraien ideario politikoarekin bat ez datorren guztia inposaketaren eta zigorraren bidez iritsiarazi nahi duten eta, beraien ikuspegi ideologikoarekin bat datozen jokabideei, frankismoa kasu, ez dioten tamaina berdineko neurriekin erantzuten.

Gaurkoan, beraz, 26 gara salaketa publiko hau egiten dugun alkateak, baina ekimen honen ateak zabalik daude eta ekimen honekin bat egin nahi duen beste alkateei dei egiten diegu bertan parte har dezaten.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.