Lehenik eta behin Nafarroako gizartea zoriondu nahi dugu bere partehartzeari eta mobilizazio etengabeari esker aldaketa politiko eta soziala itzulezina den errealitate bat bilakatu delako. Nafarroako herritar guztiek Barcinaren Gobernuaren politika okerrak, ustelkeriak eta kudeaketa kaltegarria azaleratu eta salatzeko egin duten lanari esker, Erregimenaren ahultasuna agerian gelditu da. Argi ikusi da, UPN eta PSN arteko akordio eredua, agortuta dagoela.



UPNk eta Yolanda Barcinak legegintzaldi honetan jasan duten desgasteak, Erregimena asko ahuldu du. Halaber, bestelako eredu politiko eta sozial bat aldarrikatu eta bultzatu dugun indar politiko guztiok egin dugun lana gakoa izan da orain eskuartean dugun aldaketarako aukera lortzeko.

Hala ere, ohartarazi beharra dago Barcinak zerrendaburu izateari uko egitea amarru bat besterik ez dela, Erregimena berreraikitzeko asmoari erantzuten diona. Zentzu horretan, baliteke, batzuek PSNrekin akordioa lotu nahi izatea berriro ere, gehiengoa eskuratu eta aldaketa sozial eta politikoa Nafarroatik urrun mantentzeko. Hurbilketa hori nabarmendu da jada azkeneko asteetan, Nafarroaren etorkizun ekonomiko eta sozialarentzat erabakigarriak diren ekimenetan, hala nola, erreforma fiskala eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua.

Baina erabakia berandu dator eta Barcinaren arduragabekeriaren adibide bat gehiago da. Barcinak aukera izan zuen gehiengo sozial eta politikoak hauteskundeak deitzeko eskatu zionean, modu zentzudunean jokatu eta kargua uzteko eta bozak aurreratzeko.

Eta ez dugu ahazten PSNren konplizitatea, bera delako arduradun bakarra Barcina desgobernu honen buruan mantentzearena eta Nafarroako Kutxaren desagerpenean izandako ustelkerien estaltzaile onena. PSNren erabakiagatik izan ez balitz, EH Bilduk aurkeztutako zentsura mozioa aurrera aterako zen eta herritarrek ez zituzten pairatuko bi urte luzez UPN gaitasun ezaren ondorio larriak, Nafarroaren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jartzeraino iritsi direnak.

EH Bildun argi dugu modu desesperatuan kartak aldatu nahi izan dituztela, baina berandu dabiltza, Nafarroan aldaketa geldiezina baita, Nafarroako gizartean aldaketa jada eman delako, Nafarroako herritarrek etorkizun sozial, politiko eta ekonomiko berri baten alde egin dutelako.

Eta horregatik, aldaketarekin konprometituta gauden indarrek gure apustua amaiera arte eraman behar dugu. Alternatiba plural eta eraginkorra indartu behar dugu, eta EH Bildu erabat engaiatuta dago. Ezinbestekoa da nafar guztiok aldaketa bultzatzen jarraitzea, orain arte egin bezala eta lortu arte.

Herritarren hitzak eta benetako aldaketa nahi dugun alderdien indar eta elkarlanak posible egingo dute 2015ean gehiengo politiko berria; ez dugu Nafarroa Berria eraikitzeko aukera hau galdu behar.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.