Legealdia bukatzear dago eta zirkulua itxi egin da.

Legealdia UPN-PSN gobernu koalizoarekin abiatu zen eta bukatzear dagoen honetan, berriz ere, de akordio faktiko bat ikusten ari gara. Erregimenaren zutabeak mantentzeko hainbat neurri adosten ari dira, bereziki urte honen amaieran.

Adibide asko jar ditzakegu hau azaltzeko, baina badira bi bereziki argigarriak direnak: Eztabaida sozialerako kontseiluaren legea eta erreforma fiskala.

Lehenari dagokionean, gutxi batzuen onuran egindako legea da, gehiengo sozialaren kontra doana. Klientelismoan, bazterkerian eta elitismoan oinarritzen dena.

Bigarrenari dagokionean, UPN-PSN-PP-k diru sarrerak hipotekatu nahi dituzte, ondorio larriak utziko dituen herentzia da hau: bai zerbitzu publikoen mantenurako, bai jendartearen oinarrizko eskubideak bermatzeko.

UPN-PSN erregimenaren azken urtea

2014. urte ustela izan da, UPNren Gobernuak legegintzaldi negargarri bat itxi du, nafarren arazo eta beharrei erantzuteko erabakigarria zen legegintzaldia alferrik galdu du. UPN ez da gai izan egoera sozioekonomiko larriari konponbideak emateko, ez nafarren autogobernu eta eskubide historikoei eusteko eta ezta gobernatzeko eta negoziatzeko ere. Aitzitik, Erregimenaren ustelkeria izan da urteko protagonista.

Baina legegintzaldia lehenago buka zitekeen, denok ongi dakigu hau, baina PSN-k ez zuen nahi izan bukatzerik. Eta honela 2014. Urtea UPN-ri oparitu dio.

Itxuretan dabil PSN azkenaldian, zerbait aldatu balitz bezala, baina, lege garrantzitsu guztietan aldaketari bizkar eman eta UPNren magalera jotzen du, Nafarren gehiengoaren kaltetan.

Nafarroaren subiranotasuna Madrilen ongi lotuta

Eta herritarren gehiengoaren mesedetan izanen den legerik onartzen badu Parlamentuak, bada Madrilera bisita. Horrela ibili dira UPN eta PSNko agintariak, Ferraz eta Genovara joan etorrian, Konstituzionalak eta Rubalcabak Erregimena salbatuko dutelako itxaropenarekin.
Argi gelditu zaigu bai Konstituzionalak atzera bota dituen dozenatik gora foru legerekin eta baita Madriletik datozen mehatxuekin ere –dela batetik Nafarroaren bideragarritasun ekonomikoa kinka larrian jarri duen Volkswageneko zerga edo dela bestetik gure autogobernua apurra ezabatzeko xantaia– Estatuarekiko menpekotasun erabatekoa dugula eta UPNk aspaldi utzi zuela Madrilen esku gure erabakitzeko gaitasuna.
Eta eskumen gabezia hori garesti ari zaigu ateratzen, egunetik egunera ari garelako galtzen eskubide eta askatasunak... pobreziak eta ezberdintasun sozialak gora egiten duten bitartean. Errealitate gordin hau begien aurrean jartzen diguten gero eta datu eta informe gehiago iristen dira gure eskuetara.

Herritarren mobilizaziotik Nafarroa berrira

Urte zaharrak argi utzi digu Nafarroako gizartea aldatzen ari dela eta erakundeetan ere aldaketa ematea nahi duela, Nafarroa ezkertiarra eta anitza eraikitzeko. Zentzu horretan mobilizazio soziala historikoa izan da: hamaika manifestazio eskubide sozialen eta zibilen defentsan eta aldaketa eskatuz.

Zalantzarik gabe, urte berri honetan ere herritarren mobilizazioak eta aldaketa nahi dugun eragile guztien arteko elkarlanak emango dute Erregimenaren enborra ustela botako duen kolpea.

Erronka handia dugu 2015 urtean, baina ilusioz beterik ekingo diogu. Sinestuta gaude udal eta foru hauteskundeek aldaketa handiak ekarriko dituztela Nafarroara eta gu norabide berri horri heltzeko prest gaude, arduraz, enpatiaz eta aniztasunetik.

EH Bildutik gure eskaintza zabaldu dugu Nafarroan benetako aldaketa eman dadin, eskaintza guztiz irekia, eta orain eztabaida eta adostasunetarako unea iritsi da. Urte berria, elkarlanaren eta akordioaren urtea izanen delako, Nafarron urtea, erabakitzeko urtea.

Guk erabaki behar dugu zer etorkizun nahi dugun izan, zein estatus politiko eta juridiko eta zein eredu ekonomiko nahi dugun bultzatu, zer nolako sistema publikoa eta zein zerbitzu sozial nahi ditugun. Gu guztiok izanen gara Nafarroa berria nola eraiki nahi dugun erabakiko dugunak eta etorkizuneko bidaia norekin partekatu nahi dugun aukeratuko dugunak.

Animo beraz! 2015. urtea oparoa izango baita Nafarroako gehiengo sozialarentzat, dudarik ez izan.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.