Charlie Hebdo hedabidearen aurka atzo egindako erasoak haserrea eragin du mundu osoan, kazetari, langile eta zaintzaileen aurka erabilitako bortizkeriaren ankerkeriagatik. Atentatu nardagarri horren egileen helburua izua barreiatzea da, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna kolpatuz. Askatasun demokratikorik gabe ezinezkoa da eraldaketa soziala gauzatzea, beraz, horrelako gertakariak ez dute inolako justifikaziorik.

Ez da lehen aldiz hedabide horrek erasoa pairatzen duela, 2011ean bere Pariseko egoitza suntsitua izan zen lehergailu batek eztanda egin ondoren. Izan ere, gaurko atentatua bereziki latza izan da. Ezinbestekoa da ahalik eta azkarren argitzea atentatuaren egiletzaren inguruan dauden ardura guztiak.

Estatu frantsesean, Europako beste hainbat herritan bezala, muturreko ideologia atzerakoien susperraldia bizi da. Krisi sozio-ekonomikoaren eraginez, lehenik ere presente ziren jokabideak – faxismoa, arrazakeria, xenofobia, erlijio intolerantzia-, eta oro har diskriminazio joerak ugaldu dira.

Guztiz arbuiagarria iruditzen zaigu atentatu lazgarri honen ondorioak erabiltzea arrazakeria hauspotuz komunitate musulmanaren eta orohar atzerritarren aurkako gorrotoa elikatzeko. Erabilpen maltzur hori egiten dutenak ere demokrazia, askatasuna eta elkartasunaren etsaiak dira. Tamalez, atzoko atentatua ezin da ekimen isolatu baten gisara aztertu. Oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako erasoak askotarikoak dira eta eremu ezberdinetatik datoz. Ondorioz, inoiz baino beharrezkoa da, demokrazia, justizia soziala eta bakea ardatz hartuta bestelako gizarte eredua eta nazioarteko harremanen sistema sustatzea.

Adierazpen honekin bat egiten dugun talde eta norbanakook, asteazkeneko atentatua salatzearekin batera, geure samina eta elkartasun osoa agertu nahi diegu Pariseko erasoan hilik edo zauriturik gertatu diren pertsonen familiei, baita ere Charlie Hebdo astekariko kazetari zein langileei.

Herritar guztiei deialdia luzatu nahi diegu bihar ostiralean, urtarrilaren 9an, arratsaldeko 18ean Iruñeako Udal Plazan eginen dugun elkarretaratzean parte hartzeko.

Solidaridad con Paris- Solidaridad con Charlie Hebdo
Libertad de Prensa – Libertad de Expresión

Deitzaileak: PODEMOS AHAL DUGU, Izquierda Ezkerra, EH Bildu, Equo Navarra Nafarroa, ESK, PCE-EPK, STEE-EILAS, LAB, Solidari, ELA, CCOO

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.