Euskal Presoen babes juridikoaz arduratzen ziren hamabi abokatu zein presoekiko elkartasuna sustatzeko lanetan ziharduten beste lau pertsonen atxilotze eta auziperatzeaz gain horietako hiruren espetxeratzea ekarri duen Estatu operazioa ahalik eta erarik tinkoenean salatu nahi dugu, oinarri oinarrizko giza eskubideen aurkako eraso larria delako, horien artean defentsa juridikorako eskubidea eta bermeak izanen dituen prozesu judizialerako esubidea. Guztiz onartezina da euskal presoei babes juridikoa eskaintzea edota beraiekiko elkartasuna kriminalizatuak izatea; "erakunde armatuko kide" izatea leporatzeraino.

Pertsona guztien giza eskubideei zor zaien errespetua; parte hartze politikorako egiazko bermeak sistema demokratiko baten funtsezko osagaiak dira. Egun hauetan garatu den operazioa "dena ETA da" aurreiritzi faltsuaren gainean sustengatu da; milaka eta milaka herritarren eskubideak urratzeko eraiki den salbuespeneko Estatu politikaren baitan. Gisa honetako jarduerak jendartearentzat gaindituak dauden garaietara eramaten gaituzte.

Euskal presoekiko elkartasuna eta babesa sustatzen lan egiten duten pertsona eta eragileen kriminalizazioak normalizazio politikorako bidean esku hartze larria dira. Esku hartze larria den bezala presoen eskubideak urratzen dituen salbuespeneko espetxe politika indarrean mantentzea, sakabanaketa ardatz duen politika hain zuzen ere. Horregatik salatzen dugu ere urtarrilaren 13an ezagutzera eman zen Madrilgo Entzutegi Gorenaren epaia, zeinaren arabera euskal presoak Frantziako espetxeetan bete duten zigorraren zatia ez da aintzat hartuko zigor osoaren betetzea zenbatzerakoan. Euskal presoen aurka ad hoc ezartzeko asmatu den irizpide honen ondorioz bidegabeki luzatu nahi dira hamarnaka euskal presoen espetxealdiak, Europa mailan indarrean dagoen araudiaren irakurketa interesatu bezain partzialean oinarrituta.

Normalizazio politikora eta Bakera eramanen gaituen bidearen baitan, konponbide integrala eman behar zaio presoen auziari. Bizikidetza egonkor eta iraunkor baterako baldintzak sortzeko ezinbesteko osagaia da hau. Garbi dago soluziobide integral honetan aurrera egiteko behar beharrezkoa dela jendarteko eragile guztien arteko elkarrizketari bideak irekitzea. Halaber, garrantzi berezia du une honetan abokatu zein zuzenbidean adituak diren profesionalen ekarpenak, preso dauden pertsonen eskubideak babeste aldera batetik, eta bestetik konponbidearen norabidean egin behar diren urratsak zehazteko lagunduko duten ekimen juridiko eta legalak egituratzeko.

Normalizazio politikoa eta bakearen bidean aurrera egiteko garrantzi berezia duen momentua bizi dugu. Bide honetan Nafarroako jendarteak izan behar duen inplikazioak garrantzi handia dauka. Bakera hurbilduko gara guztiok norabide berdinean lan egiten badugu. Nafarroako herritar guziak deitu nahi ditugu datorren asteko ostiralean, urtarrilaren 23an, arratsaldeko 19ean Iruñeko Bakearen Enparantzatik (Autobus Geltoki zaharretik) abiatuko den Manifestazioan parte hartzera. Manifestazioa lelo honekin eginen da: GIZA ESKUBIDEAK, KONPONBIDEA, BAKEA.

DEITZAILEEN ZERRENDA (IREKIA DAGO GEHITU NAHI DEN EDONORENTZAT)
EH Bildu, Podemos Pamplona-Ahal Dugu Iruñea, LAB, ELA, ESK, STEE-EILAS, CGT, Etxerat, Sasoia, Ernai, Gazte Abertzaleak

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.