Datorren igandean, hauteskundeak burutuko dira behingoz Grezian. Europa osoan bezala gure herrian ere interesa piztu dute hauteskunde horiek, itxaropena berezia sortuz ezker sektoreetan.

Syrizak garaipena lortzeko aukera handiak ditu. Burujabetza eta justizia soziala ardatz dituen hauteskunde programa defendatu du Greziako ezker erradikalaren koalizioak.

Banketxeen interesak edo-ta Troika k inposatzen dituen murrizketen aurrean gizarte laguntzak edo zerbitzu sozialak lehenetsi ditu Syrizak.

Zorraren diktaduraren aurrean justizia soziala defendatzen du Syrizak, Bruselarekiko edo Nazioarteko Diru Funtsarekiko menpekotasunaren aurrean greziarrek haien etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du elite ekonomiko eta eurokraten mesfidantza piztu duen Syrizak.

Honebestez, Euskal Herria Bilduren ustez Europako herrien itxaropena ordezkatzen du Syriza. Austerizidioaren aro ilunari amaiera emateko lehen urratsa suposatuko lukeelako, gure ustez, Grezian ezkerreko gobernu bat osatzea.

Greziako hauteskundeak, Nafarroan eta Euskal Herri osoan, indarrean dagoen doikuntza, ajuste, murrizketa...politikarekin amaitzeko, eliteen politikarekin bukatzeko, aukera irudikatzen dute.

Finean, Atenasen edo Iruñean herritarren erronkak ez dira hain diferenteak. Han eta hemen herritarren eskubideak, pertsonen duintasuna dagoelako jokoan.

Greziak norabide aldaketa bat markatu dezake, Europa osoari begira. Erabakitzeko eskubidea eta justizia soziala egoera errotik aldatzeko ezinbesteko tresnak direla argi erakusten dute Urtarrilaren 25ko hauteskundeek. Eta bi osagai horiek dira, hain zuzen ere, Nafarroan errejimenarekin bukatzeko eta aldaketa politikoa ahalbideratzeko Euskal Herria Bilduk berriki Labriten aurkeztu zuen proposamenaren xede nagusiak. Herrien erabakitze eskubidea, erregimenarekin bukatu eta sakoneko aldaketak bilatzeko. Horixe da gakoa. Bi kasuetan, Grezian eta Nafarroan, mehatxuaren, gogorki erantzun dute eliteek, aldaketarako aukera zabaltzen dutenen artean.

Greziak aldaketa garaia zabalduko du Europan. Eta gure ustez, Grezian bezala, herri sektoreen eta indar ezkertiar eta progresisten artean indarrak biltzeko gai izanen bagara, heldu den maiatzeko hauteskundeetan Nafarroa aldaketarako gakoa izanen da Euskal Herriarentzat.

Horregatik, EH Bilduren ordezkaritza Grezian izanen da, Syrizaren ondoan, egun hauetan. Josu Juaristi eurodiputatua Atenasen dago GUE-NGL legebiltzar taldeko delegazioaren baitan. "Eta asteburuan, ni neu, Adolfo Araiz, bertan izanen naiz ere, harreman politikoak sendotzen, aldaketa babestuz eta bereziki greziar herritarrekin partekatuz aldaketaren garaia heldu dela."

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.