EH Bildutik, abenduan, Nafarroan garai berri bat irekitzea xede duen proposamena aurkeztu genion gizarteari: Nafarroak Erabaki proposamena. Proposamen historikoa, zehatza, argia eta irekia, gizarte osoari zuzendua eta gizarte osoarekin partekatzekoa.

Eta horregatik, azken aste hauetan Nafarroako eragile politiko, ekonomiko, sozial, sindikal eta kulturalen ordezkaritza zabalarekin bildu gara, gure proposamena helarazi eta eztabaidatzeko helburuarekin. Harreman erronda horretan nabarian gelditu da Nafarroak azken urteotan bizi izan duen ezegonkortasun instituzional, ekonomiko eta sozialak sortzen duen larritasuna eta kezka. Horregatik, EH Bildutik azpimarratu nahi dugu arduraz eta zintzotasunez jokatzeko konpromiso erabatekoa dugula. Denetariko eragileekin elkarrizketan jarraituko dugula, aldaketa ekonomiko eta sozialaren bide luzea elkarrekin jorratzen segitzeko.

Behin eta berriz adierazi dugu benetako aldaketa lortzeko elkarlanean aritzea besterik ez dagoela, bazterkeriarik gabe. Herritar guztien partehartzea, justizia soziala eta erabakitzeko eskubidea aitortuz bakarrik eraikiko dugu Nafarroa berri bat.

Izan ere, gizartearen gehiengoak ez du horren zalantzarik: aldaketa martxan da. Enpresekin, sindikatuekin, alderdiekin, hedabideekin, hezkuntza eta osasun arloko eragile garrantzitsuekin eta abar luze batekin egin ditugun harreman horiekin, baieztatu dugu Nafarroak jada egin duela sakoneko aldaketa politiko eta sozial baten aldeko apustua. Aldaketa ez da etorriko, aldaketa iritsi da.

Eta garai berriak datozela badakitelako, Nafarroako eragile eta herritarrek aldaketa horretan eragin nahi dute, modu aktibo, positibo eta eraikitzailean . Eta nola ez, Nafarroaren etorkizuna erabaki, Nafarroaren etorkizuna nafarrek erabaki. Horixe da aldaketa benetakoa izateko klabea eta hori da hain zuzen ere gure proposamenaren mamia: herritarrak eragile aktibo bihurtu daitezela eta alor guztietan erabakitzeko gaitasunaz hornitu daitezela.

Politika egiteko era berri bat plazaratzen du Nafarroak erabaki proposamenak. Orain arte gutxiengo baten alde gobernatu dute erregimenaren alderdiek, bazterkerian oinarritu dute PPk, PSNk eta UPNk beraien politika, eta oraindik horretan segitzen dute, Esparzak zein Chivitek bazterkeriaren gotorleku lotsagarrian segitzen dute.

Nafarroi dagokigu gure etorkizuna eraikitzea, bazterkeriarik gabe, aniztasunaren babesa izan behar da etorkizun horren ezaugarria, Nortasun ugariak daude Nafarroan, ikurrekiko sentimendu anitzak, euskara gure hizkuntza da, eta ikasteko eta erabiltzeko aukera izan behar dugu Nafarroako edozein bazterretan. Guk Nafarrok erabaki behar dugu gainontzeko euskal lurraldeekin edota estatu espainiarrekin izango ditugun harremanak.

Zentzu horretan, proposamena zabaltzen eta partekatzen jarraitzeko asmoz herri-herri hainbat hitzaldi eta batzar antolatu ditugu, adibidez, igande honetan Barañaingo Akelamendi tabernan burutuko dena. Dei egiten diegu proposamena ezagutu eta eztabaidatu nahi duten herritar guztiei hitzordu horietara hurbiltzeko. Horretaz gain, datorren martxoaren 7an Barakaldoko BECera joanen gara Euskal Bidea aurkeztera eta nafarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera, ekitaldi masibo eta ikusgarri batean.

Orain da aldaketari benetako forma ematen hasteko unea. Erregimenak, UPNk hustu eta ondoratu egin du aberastasunez lepo dagoen lurralde hau eta zuri beltzean margotu, kolorez beterik jaiotako herria. Baina aldaketa aniztasunetik etorri da eta aniztasunetik elikatuko da, eta gu bide horretan motore izateko prest gaude, gure koalizioaren jatorri eta izaera ere anitza den heinean. Guk eta zuk, etorkizuna, Nafarroa berri erabaki behar dugu elkarrekin, ezkerreko Nafarroa, soziala eta aurrerakoia. Herritarren eta erakundeen demokratizaziotik haziko den Nafarroa. Hori da dugun erronka, dugun ilusioa.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.