Urgentzia osoa duen zeregina da Nafarroan eredu ekonomiko eta industrial berri baterantz urratsak egiten hastea. Ekoizpen sarearen aniztasuna bultzatzea, ikerketarako inbertsioak biderkatzea eta tokiko garapena ardatz hartzeak markatu behar dute norabidea.



Faurecian, Nafarroako berrehun familia borrokatzen ari dira une hauetan langabezia eta bazterketa sozialaren mamuaren aurka. Antzeko egoeran daude BASF eta EMMSAko langileak. Lehenago pasa ziren ataka horretatik Inasan, Koxkan, Duran, Symon.. 2008garren urtetik 15.000 lanpostu baino gehiago galdu dira Nafarroan, gehienak nazio anitzetako kapitala zuten enpresetan.

Datu lazgarri hauek agerian uzten dute Nafarroako Erregimena sustengatu duten alderdiek (UPN, PP eta PSNk) egin duten politika ekonomikoaren ahultasuna. Ekoizpenerako ehunaren aniztasunik eza zein kanpoko kapitalarekiko duen menpekotasun asaldagarriaren eraginez, milaka eta milaka nafar herritarren etorkizuna Nafarroatik milaka kilometroetara dauden guneetan erabakitzen da, interes espekulatiboen arabera gainera. UPN eta PSNk zuzendu dituzten gobernu ezberdinak kanpoko kapitalaren sartzeari erraztasunak eskaintzera mugatu dira; ez dute ezer egin kapital honek izan dituen irabaziak Nafarroaren ehun ekonomikoaren mesedetan inbertitua izan daitezen. Gero, kanpoko kapital honek erabakitzen duenean irabazi gehiago lor dezakela lana eta lanpostuak Nafarroatik kanpora eramanda, UPNren Gobernuak men egiten du kapitalista horien aurrean, enplegua mantenduko duten alternatibak borrokatzeari muzin eginez.

Gogorra da esatea baina egia borobila dena zera da; Erregimenaren Gobernu ezberdinak izugarrizko pagotxa izan dira nazioarteko kapital espekulatzaileentzat. Dirulaguntzak eta opari fiskalak Nafarroara etortzen direnean, alfonbra gorria eta bake sozialerako bermea Nafarroatik irtetea erabakitzen dutenean. Nafarroako herritar eta langileen interesak ez dira inoiz Gobernuaren lehenengo kezka izan.

EH Bildutik argi eta garbi adierazi nahi dugu badagoela alternatibarik. Posible da enplegua defendatuz multinazionalen asmo suntsitzaile horiei aurre egitea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak langileen interesen alde lan egin behar du eta ez alderantziz, UPNk egiten duen bezala. Gobernuak bere esku dituen baliabide guztiak, eta izan baditu, erabili behar ditu enpresak behartzeko enplegua mantenduko duten bideragarritasun planak egitera, 2016. urtetik harago. Horixe da Nafarroako Gobernuari dagokion papera Faurecia, BASF eta EMMSAn.

Urgentzia osoa duen zeregina da Nafarroan eredu ekonomiko eta industrial berri baterantz urratsak egiten astea. Ekoizpen sarearen aniztasuna bultzatzea, ikerketarako inbertsioak biderkatzea eta tokiko garapena ardatz hartzeak markatu behar dute norabidea. Erakunde publikoek bere gain hartu behar dute ereduaren berritze honen lidergoa; lehen neurri gisa enplegua sustatu eta industria ehuna biziberritzeko helburua izanen duen inbertsio funtsa baten sorrera erabakiz.

Bestelako eredu ekonomiko eta industriala posible da. Horretarako, gehiengo berriak osatu behar dira erakunde publikoetan, burujabetza eskuratzearen alde lan eginez herritarren gehiengoaren interesak defendatuko dituztenak. Datozen hilabete hauetan, asko dugu jokoan Nafarroan eta Euskal Herri osoan langile klaseak behar duen aldaketa politiko eta sozialaren aldeko borrokan.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.